naiz

Koadrizepsean min hartuta, agur esan dio Binakako Txapelketari Aimar Olaizolak

Baiko enpresak jakinarazi duenez, koadrizepseko tendoia kaltetuta dauka Aimar Olaizola pilotari goizuetarrak eta lau hilabetez egon beharko da geldirik. Modu honetan, Binakako Txapelketari eta Axier Arteagak hartuko du bere lekua Jon Ander Albisuren ondoan.

Aimar Olaizola, Astelenan jokatutako partida batean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Aimar Olaizola, Astelenan jokatutako partida batean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Lau hilabete inguru egon beharko da geldirik Aimar Olaizola. Baiko enpresak adierazi duenez, koadrizepseko tendoian daukan lesio bat dela-eta, denbora luzean goizuetarra ez da frontoietara itzuliko. Partida garrantzitsua dute asteburu honetan Ogetan, Olaizolak eta Albisuk, Artola eta Mariezkurrenaren aurka, eta jardunaldi honetan behintzat, Axier Arteaga lasartearrak hartuko du Aimarren lekua aurreko koadroetan.

Txapelketa bikaina egiten ari zen goizuetarra atzelari ataundarraren alboan. Zazpi garaipenekin sailkapena eskura zutela zirudien duela hiru aste, baina azkeneko bi partidak galduta, atzetik zituztenak gerturatu zaizkie. Artola eta Mariezkurrenaren aurka porrot eginez gero, Baikoko bi enpresak berdinduta geratuko lirateke eta Altuna eta Martija ere ate-joka dituzte. Aspeko gazteek, baina, ez dute erronka erreza asteburu honetan, Elezkano eta Rezusta liderrak izanen dituzte-eta parean larunbatean Iruñeko Labriten.

Beste bi partidak ostiralean jokatuko dira. Ezkurdia eta Ladis Galarzak (lau puntu) haien azken aukera apurrak borrokatu beharko dituzte Azpeitian Irribarria eta Zabaletaren aurka, zeintzuek garaipen baten beharra duten semifinaletarako txartela eskuratzeko. Lau garaipenekin ere, Bengoetxea eta Imazek gauzak estutu nahi dituzte, eta horretarako Urrutikoetxea eta Aretxabaletaren aurkako garaipena behar dute.