Multinazionalen erakusleihoetan ageri diren manikiek ezartzen duten edertasun kanonaren aurka, Bilboko zenbait neska gaztek arropa erantzi eta desfile berezi bat eskaini dute Bilboko erdigunean. Kulero eta bularretakoak bistan, ileorde koloretsuak soinean, arrosa koloreko alfonbra zabaldu dute multinazionalen atarian. Hurbildutako kuxkuxeroek mugikorrekin filmatzen zuten bitartean, neskek euren protestarekin jarraitu zuten, arropa taila zurrunak eta modelo «este-reotipatuak» kritikatuz.
«Egungo sistema heteropatriarkalak edertasun kanon zurrunetan oinarritutako emakume ideala inposatu nahi digu eta kapitalismo basatiaren multinazionalek eredu hau proiektatu eta erreproduzitzen dute», salatu du Ernaik ekimenarekin batera zabaldutako bideoan.
Honek guztiak «genero rolak indartzen dituela eta emakumeen gorputzen sexualizazioa» bultzatzen dituela adierazi eta ondorio latzak dakartzala uste dute. «Euskal Herrian anorexia kasuen %90a neskek pairatzea, 9 urterekin hasita», nabarmendu dute.
«Gure bizitzak arriskuan jartzen dituzte, larrialdi egoeran gaude! Errealitate honek erantzule argiak ditu: PNVren udaletxeak alfonbra gorria jartzen die neska gazteon bizitzak prekarizatzen dituzten enpresari handiei, aurpegia garbitzeko azaleko mezu feministekin ahoa betetzen duen bitartean», salatzen dute bideoan.
Ekimena ‘Euskal Herrian Bizi’ dinamikaren barruan kokatu dute, «prekarietateari ate guztiak ixteko» asmoa duen kanpaina. Modu honetan, otsailaren 16an, larunbatean, Bilbon deitu duten mobilizazio nazionalerako deia egin nahi izan dute ere.