Orain aste batzuk soka saltoan aritzeko ‘Aita, ama’ abestia tradizionalaren moldaketaren berri eman genuen. Bizkaiko Urtxintxa eskolak, Uluka taldearekin elkarlanean, familia eredu ezberdinei bide eman eta balore hezitzaileak sustatzeko asmoz letra aldatu zuten. Abestia hau baina, Bizkaiko Urtxintxa Eskolak sustatutako ‘Patxintxiketan denontzako kantak’ proiektuaren zati bat besterik ez zen.
Iazko ikasturtean umeen jolasetan ohikoak diren abestiak aukeratu, eta letrak gaurkotu eta balio hezitzaileetara egokitu zituen Bizkaiko Urtxintxa Eskolak. Horretarako Euskal Herriko musika talde ezberdinen laguntza jasoz. La Basu rap abeslariak, adibidez, kantua eskaini dio proiektuari.
Soka salto jolasean aritzeko ‘Aita, ama’ abestiaz gain, honako abestiak ere moldatu dituzte:
1. ‘Zubiri zubiri’. Urtxintxa eskolak Itziarren Semeak musika taldearekin batera egindako bertsioa.
2. Urtxintxa eskolak Ingot musika taldearekin batera, Sorgina Kaskarinaren abestia gaurkotu du:
3. Urtxintxa eskolak Aida eta Oierrekin batera egindako Patxintxiren jokua.
Bideoklipekin batera kanta bakoitzeko azalpen bideo txiki bat ere ekoiztu dute, non abesti horretan ekidin eta bultzatu nahi diren balioen zergatia azaltzen den. Abesti guztiak gainera, zeinu hizkuntzaz azalduak daude, kantak aberastu eta ekimena jende gehiagorengana iristea ahalbidetuz.
Aldaketaren zergatia azaltzen dute ondoko bideoetan:
1. Zubiri Zubirirekin, autoritateridade ereduaren aurka.
2. Sorgina Kaskarina. Sorgina Pirulinak eskaintzen duen «iruditegi desitxuratuaren kontra».
3. Patxintxiren jokua. Derrigortasunaren eta borroken aurkako mezua.
Bizkaiko Urtxintxa Eskolak adierazi duenez, Patxintxiketan proiektua ez da bukatu eta aurten ere abesti gehiago birsortzeko asmoa dute. Proiektuak baina badu egun garrantzitsu bat agendan, izan ere, datorren apirilaren 5ean Igorreko Kultur Etxean Patxintxiketan proiektuaren aurkezpen nagusia izango da.
Bizkaiko Urtxintxa Eskola, astialdiko trebakuntzarako eta suspertze soziokulturalerako erakundea da. 1986an sortutako proiektua Astialdi Eskolarekin hasi zen, eta gaur egun, hezitzaileak, gurasoak, begiraleak, irakasleak eta banakoak trebatzen ditugu balioen hezkuntzan. Hezkuntza ez formala da Urtxintxaren eragin eremu nagusia, baina hezkuntza formalean ere aritzen dira. Eta trebakuntzarako eskaintza izateaz gain, haur, gazte zein helduei zuzendutako proiektuak ere dinamizatzen dituzte esku hartze zuzenaren bidez.