@Ion_Salgado

Anbulatorio sozialak sortzea proposatzen du EH Bildu Arabak aurkeztutako Errotuz programak

Errotuz adin txikikoei, menpekotasuna dutenei, buru gaixotasun batek jotakoei, desgaitasuna jasaten dutenei eta bazterketan daudenei zuzenduta dago eta gizarte artapenaren egungo eredua «iraultzea» du helburu.

EH Bilduren prentsaurrekoa. (@ehbilduaraba)
EH Bilduren prentsaurrekoa. (@ehbilduaraba)

EH Bildu Arabak Errotuz aurkeztu du gaur, behar sozialei modu prebentiboan, jasangarrian eta integralean erantzuteko anbulatorio sozialak planteatzen dituen programa. «Horren helburua da egoitza batean egon behar izateko premia murriztea, bizimodu autonomo eta independentea sustatzea, norberaren ingurunean bertan artapen integrala bultzatzea, gizartean zaintza sareak sortzea, gizarte zerbitzuak erabiltzeak dakarren estigmatizazioa ezabatzea eta erabiltzaile/bezero kontzeptua apurtzea», azaldu du.

Gasteizko EH Bilgunen burututako prentsaurrekoan, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko bozeramaileak Arabako Batzar Nagusietan gogoratu duenez, «mende honetako erronka handietariko bat populazioaren zahartzea da. Baina lurraldean zerbitzu sozialak geldirik daude, ez dira plaza publiko berriak sortu adinentzako egoitzetan eta ezinbestekoa da egoitza batean egon behar izateko premia murriztea zaintza horiek emakume zein senideen gainean utzi gabe».

Dena den, Errotuz programak ez die soilik adineko pertsonei erantzungo, baizik eta adin txikikoei, menpekotasuna dutenei, buru gaixotasun batek jotakoei, gizarte bazterketa sufritzen dutenei eta desgaitasuna pairatzen dutenei ere. «Helburua da sistema integral eta jasangarria sortzea, pertsonen zaintza erdigunean jarri ez ezik, zaintza horiek duindu eta ikusarazi ere egin nahi dituena», azaldu du Fernandez de Pinedok.

Anbulatorio sozialak, egungo banaketa jarraituz, landa eremuan 3.000-5.000 biztanleko sortuko lirateke eta 5.000-10.000 biztanleko hiri eremuan. EH Bilduko Udal taldeko bozeramailea Miren Larrionek nabarmendu duenez, «hiria ehundu behar dugu, komunitatea ahaldundu eta ehun sozialari entzun eta babestu». Ildo horretan, Errotuz programak leihatila bakarra sortzea ahalbideratzen du eta erabiltzailearen zerbitzura diziplina anitzeko talde bat jartzen du.

Koordinazio talde batek kudeatuko luke programa. Horren azpian parte-hartze eta kohesio taldeak egongo lirateke. Horren osaketa komunitatearen zein komunitate horren beharren araberakoa izango da. Horrez gain, pertsonen parte-hartzea bultzatuko da, baita eragile sozialena eta osasun edo hezkuntza arlokoena ere.

«Gure ustez, guk planteatzen dugun ereduak langile publikoen kudeaketa erraztuko du egungo ereduak bultzatzen duen kudeaketa pribatuaren aurrean. Errekurtso fisikoak murriztuko ditugu, autogestioa eta pertsonen independentzia bultzatuko dugu eta instituzioa soluzioak ematetik aukerak ematera pasako da», laburbildu du Luis Salgado biltzarkideak.