Gizonezkoari begira egindako munduan, emakumea arriskuan
Oker diagnostikatzen diren bihotzekoak, istripu larriak errepidetan: emakumeek gogor ordaintzen dute gizonezkoari begira egin den munduan, salatu du Caroline Criado Perez ekintzaile feministak ‘Invisible Women’ liburuan.
Britainia Handian kaleratuta, ‘Invisible Women’ liburuak emakumeak pairatzen dituen hainbat zailtasunen zerrenda luzea egiten du. Gehienak gogaikarriak dira, baina badaude beste batzuk emakumearen bizia arrisku larrian jartzen dutenak. Guztiak, hori bai, gizonezkoaren generoa hobesten delako arauak egiteko eta onartzeko orduan («Gender data gap»).
Urbanismotik politikara, eguneroko bizitzatik diseinura... egileak argi eta garbi erakusten du gizartean oro har agintzen duten aureiritzi sexistek «nola aztoratzen duten gure bizitza arautzen dituzten elementu guztiak, teorian objektiboak izan behar luketeenak».
«Gizonezkoen bizitzak gizateria osoarena ordezkatzen duela onartu izan da beti», gaitzesten du Caroline Criado Perezek. Horrela, bada, «historiak eman dituen gailu eta datu gehienek ez dute inolaz ere kontuan hartzen emakumearen inguruko informazioa».
‘Invisible Women’ liburuak «berdintasun falta horrek emakumearengan dituen ondorio latzak aztertzen ditu», dio egileak.
Adibide gisa, Criado Perezek berriki ondorioztatu du medikuek diagnosi-akats gehiago egiten dutela bihotzekoa pairatzen duten emakumeen kasuan, batez ere hauen sintomak –tripako mina, botaka, nekea– gizonezkoek pairatzen dituztenen aldean ezberdinak direlako eta, ondorioz, atipikotzak jotzen direlako. «Ez nuen hori gertatzen zenik sekula ere sinetsiko», onartu du, are gutxiago «zientzia objetiboa dela uste izan dudalako».
Are gehiago, auto gehienetan segurtasun sistemak gizonezkoaren morfologiari begira (talka-frogetan erabiltzen diren manikiak…) egindakoak dira. Hori dela eta, emakumeak %47ko arrisku handiagoa du istripua mortala bilakatzeko.
Segurtasun arloan lan egiten duten emakumeek ere gizonezkoaren tamainari eta baldintzei egokitutako ekipamenduak erabili behar izaten dituzte, eta horrek ere ondorio dramatikoak izan ditzake.
Teknologia berrietan ere nabari da diskriminazioa. Ahotsa ezagutzen duten gailuek gizonezkoarena samurrago atzematen dute; mugikorrak orokorrean handiegiak dira emakumearen eskuentzat…
Sarah Hawkes Londreseko University Collegean Centre for Gender and Global Health-eko zuzendaria da eta genero ikuspegitik desberdintasunaren arloan aditua izanik argi du Criado Perezek errealiate historiko triste eta gordina azaleratu duela: «Duela 2.000 urtetik hona osasunak dituen gabezien arrazoia gizonezkoari begira egin izana da».
Helena Kennedy Britainia Handian emakumearen eskubideen aldeko ekintzaile famatua da eta gogotik txalotu du liburuaren egilearen «begirada zorrotza, gizartearen arau gehienetan emakumearen falta atzemateko orduan». «Informazioa boterea da. Horrela, bada, gure sistemek nola funtzionatzen duten jakitea ezinbestekoa dugu gauzak aldatu nahi baditugu», gaineratu du.
Criado Perezek argi du irtenbide bakarra emakumeak gizartean oro har duen ordezkaritza eskasari buelta ematea dela. «Emakumeok erabakitzeko orduan, ikerketan, jakintza-produkzioan..., horietan guztietan baldin bagaude inork ez gaitu ahaztuko. Bizitza eta emakumeon perspektibak itzaletik sortuko dira orduan».