Iker BIZKARGUENAGA

Auzitegi Goreneko «antzezpenaz» hitz egiteko leku aproposena da Antzokia

Kafe Antzokia txiki geratu zen Kataluniako prozesuari buruz eta buruzagi independentisten kontrako auziaren gaineko hitzaldian. Epaikera «antzezpena» dela adierazi zuten, dagoeneko «dena eginda» baitago.

Jaume Alonso-Cuevillas i Sayrol Zuzenbide katedradunak, Jaume Roures hedabideetako enpresaburuak, Lluis Llach abeslariak eta Irantzu Perello abokatuak hartu zuten hitza ANC Euskal Herria taldeak antolatutako ekitaldian. «Autodeterminazioa eskubidea da, ez delitua», zioen hizlarien atzean zabaldutako pankartak, eta hain zuzen, hori nabarmendu zuten oholtzan zeuden bi legelariek, Kataluniako prozesuan deliturik ez dagoela, besteak beste, 2005ean Kode Penaletik desagerrarazi baitzuten erreferendum edo galdeketa bat antolatzeagatik aurretik existitzen zen delitua. Eta, beraz, legez kanpo egon daitekeen arren, independentista katalanek egin zutena ezin da delitutzat hartu. Eta, hala ere, atzo Bilbon berba egin zuten katalanek argi daukate epaia aldez aurretik idatzita dagoela eta auzipetuen kontrakoa izango dela.

«Zigorra egongo da», iragarri zuen Alonso-Cuevillasek, nabarmenduz Auzitegi Gorenean aste hauetan ikusten ari garena «prozesu politikoa» dela, eta ez judiziala, eta horrekin Estatu espainolak «eskarmentua» eman nahi diela bide berdina jarraitzeko asmoa izan dezaketen katalanei edo euskal herritarrei.

Abokatu katalanak epaiketan gertatzen ari diren zenbait irregulartasun mahai gainean jarri zituen, Marchena epaileburuaren jarrera arbitrarioa deitoratuz, eta adierazi zuen, bere aburuz, hemendik urte batzuetara, Estatu espainoleko bide judiziala agortuta dagoenean, Estrasburgoko Auzitegiak arrazoia emango diela epaituei. «Baina ordurako kartzela urte mordoa pairatuta izango dituzte», gaineratu zuen geroxeago Rouresek, Arnaldo Otegiri eta «Bateragune auziko» beste auzipetuei gauza berdina gertatu zitzaiela nabarmenduz. Ez zen Euskal Herrira begira hizlariek egin zuten aipamen bakarra izan: Alonso-Cuevillasek berak aitortu zuen orain «beste begi batzuekin» ikusten duela gure herrian jazotakoa; «agian engainatu egin gintuzten», esan zuen.

«Ez du konponbiderik»

Euskal Herria ondo ezagutzen du Lluis Llachek. Berak egin zuen Martxoaren 3ko biktimen omenezko “Campanades a morts” abestia. 1976an hil zituzten Gasteizen bost langileak, eta abeslariak esan zuen garai ilun horien ostean, berak eta beste batzuek bazutela Estatu espainolak «modu demokratikoan» jardun zezakeen itxaropenik. «Baina Estatuak erakutsi digu ez duela konponbiderik», gaineratu zuen, eta Katalunian «oinarrizko eskubide demokratikoen alde» borrokan ari direla azpimarratu zuen. Horren aurrean, berriz, botere judiziala nahieran erabiltzen duen Estatua dagoela salatu zuen, eta iragarri zuen jarrera horrek azkenean emaitza kaxkarrak ekarriko dizkiela espainiar agintarien interesei.

Eskubide demokratikoak aipatu ziren behin baino gehiagotan, eta Roures «printzipio demokratiko sakonak» dituen pertsona gisa aurkeztu zuen Alonso-Cuevillasek, eta independentista ez izan arren demokraziaren alde erabat busti dela txalotu zuen. Hain zuzen, ideia horien erakusle, Llachek azaldu zuen Gasteizko sarraskiari buruzko lehenengo dokumentala Rouresek ekoitzi zuela. Honek ere ez zuen ahoan bilorik izan, eta Auzitegi Gorenean jazotzen ari dena «antzezpena» baino ez dela esan zuen. «Dena eginda dago, idatzi gabe utzi duten bakarra kartzelan eman beharreko urte kopurua da», baloratu zuen.

Rouresek ondo ezagutzen du hedabideen sektorea, eta Kataluniako auzian jokatu duten papera nabarmendu zuen, Estatuaren «errelatoa» hedatzen eta sendotzen lagundu dutelako. «Kazetaritzarik dagoeneko ez da existitzen, disidentziaren ehiza da dagoena», salatu zuen, eta gaineratu zuen esparru horretan inor ez dela ausartzen kontra egitera. «Eta inork inoiz ahotsa altxatzen badu, sekulakoa jasotzen du», esan zuen.

Matxinada delituaren ezaugarriak, Auzitegi Goreneko epaileen izendatze prozesua, behin-behineko espetxeratzea… gai asko jorratu ziren atzo, eta ondorio gisa, Perellok adierazi zuen, auzi honetan, deliturik egotekotan, jazarpena eta beren «eskubideen zapalketa» pairatu dutenen aurkakoa dela.