Ariane Kamio
Donostia

Uholde feminista, korrika

Donostiako Lilatoiak hogeita hamargarren aldiz eraman du aldarrikapen uholdea korrika. 6.200 emakume batu dira Gipuzkoako hiriburuan. Parte hartzaile kopurua gorantz doa.

GARAren kontrako expolioa ere salatu dute Asteasutik etorritako emakume korrikalariek. (Jon URBE/FOKU)
GARAren kontrako expolioa ere salatu dute Asteasutik etorritako emakume korrikalariek. (Jon URBE/FOKU)

Goizeko 10.30ean zen hastekoa Lilatoiaren hogeita hamargarren edizioa, baina aurretik jendetza batu da Donostiako Bulebarreko inguruetan. Speaker-ak girotuta, ehunka izan dira gaur emakumeentzat soilik egindako lasterketara batu direnak.

6.200. Hori izan da megafoniatik emandako datua. Musika eta aldarrikapen giroa izan da nagusi eta esan beharra dago adin guztietako emakumeak izan direla, aurten ere, lasterketarekin bat egin dutenak. Donostiako erdiguneko kaleetatik korrika abiatu aurretik, korrikalari guztiak batu dira irteera puntuan. «Altxa dezatela eskua lehen aldiz parte hartzen duzuenok?». Eta hasi da eskuak goratzeko festa. Emakume askorentzat izan da gaurkoa haien lehenengo aldia.

Gorantz doa parte hartzaile kopurua urtez urte eta nabari izan da lasterketa abiatu bezain laster. Lehenago, omenaldia jaso dute Gipuzkoa Ogi-Berri emakumeen txirrindulari taldeko kideek. Tartean zen Leire Olaberria txirrindularia.

Haiek irten dira lehenengo, bizikletaz, irteera puntutik. Atzetik, kirol egokituari utzi zaio txanda. Eta gero bai, 10.30ak puntuan zirela, atzera kontaketa egin eta uholdea abiatu da. Euste-dikeak askatu nola egin dituzte milaka emakumek ibilbideko 4.700 metroak (normalean bost kilometrotakoa izan ohi da, baina erdigunean egiten ari diren berritze lanak direla eta, ibilbidea aldatu eta laburtu behar izan dute aurten).

Ibilbidean zehar adin guztietako emakumeak ikusi ahal izan dira. Gazteenetatik zaharrenetaraino, batzuk korrika erritmo bizian, beste batzuk ia oinez. Nork ahal bezala, parte hartzailea baita Lilatoia.

Lorea Ayala izan da lehenengoa helmuga zeharkatzen (aurten ere). 17 minutu eskas behar izan ditu korrikalariak ibilbidea osatzeko. Haren atzetik iritsi dira gainontzeko korrikalariak. Helmugan, Gipuzkoa Ogi-Berri taldeko txirrindulariek egin diete harrera denei, albo banatan jarrita, bizikletak goratuta eta gurpilei eraginez, dantzariek osatu ohi duten ohorezko pasilloa nola.