naiz
Gasteiz

Elgorriari lotutako protokoloa aktibatu dute, Gasteizen kasu bat antzeman ondoren

Lakuako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak kontaktu potentzialak detektatzeko protokoloa jarri du abian, Gasteizen elgorri kasu bat egiaztatu ondoren. Kutsatutakoa 28 urteko emakume bat da, eta lehen sintomekin martxoaren 2an hasi zen, nahiz eta analisiek martxoaren 8ra arte ez zuten kasua baieztatu.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak kutsapenak saihesteko isolamendu neurriak aplikatu ditu. Halaber, protokoloari jarraikiz, kontaktuei buruzko azterketak egiten ari dira, eta beharrezkoak diren neurriak hartu dira kasuarekin zerikusia izan duten pertsonekin. Lakuako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 2012. urtetik joan den urtera arte ez zen elgorri kasurik detektatu EAEn. Hala ere, gaixotasun hori ez da desagertu; aitzitik, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren datuen arabera, Europa osoan gora egin duela egiaztatu da.

Horrela, 2018an sei elgorri kasu egiaztatu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta aurten beste hiru; bederatzi kasu hauetatik, zazpi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta azkena Gasteizen izan dira. Orain arte kasu guztiak eremu epidemikoetara egindako bidaietan gertatutako kutsapenak izan dira, baina oraingoan, kutsatutako pertsonak ez du gogoratzen eremu hauetara bidaiatu duen inorekin harremanetan egon denik; beraz, ikerketa epidemiologikoa abian jarri da jatorria zehazteko.

Osasun Sailak gogorarazi du gaixotasuna izan ez duten edo behar bezala immunizatu gabe dauden pertsona guztiek har dezaketela elgorria, behar bezala txertatuta ez badaude. Zehazki, EAEn elgorriaren aurkako txertoa haurren txertoen egutegian sartuta dago: Hirukoitz Birikoaren (elgorria-hazizurriak-errubeola) lehen dosiaren estaldura %96,05ra iritsi da, eta bigarrenarena %94,7ra. Estaldura horiek Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutako adierazleak betetzen dituzte.

Osasun Sailak azpimarratu du oso garrantzitsua dela txertoa jartzea zenbaitetan hilgarriak izan daitezkeen gaixotasun infekzioso larriei aurrea hartzeko. Halaber, txertoen egungo segurtasuna nabarmendu du. Beste neurri batzuk hartu behar izanez gero, Osasun Sailak eta Osakidetzak egoeraren bilakaeraren berri emango dute.