Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik 40 urte betetzen dira aurten eta Ernaik eta Aitzinak efemeride hori ospatzeko hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Apirilaren 19tik 22ra Lemoan egingo den Gazte Topagunea izango da urteko data nagusia, baina ez da bakarra. Duela hilabete batzuk ‘Bulkada berrien garaia da’ dinamika jarri zuten martxan, «belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko eta gazteei borrokarako espazio berriak irekitzeko».
Dinamika honen baitan, Bulkada Egunak antolatzen hasi dira Euskal Herriko hainbat tokietan. Lehenengoak martxoaren 2an egin ziren Algortan eta Arrosadian, eta apirilaren 12ra arte luzatuko dira. Ernaiko militante batek BILBOTARRAri azaldu dioenez, Bulkada Egun hauen helburua «40 urtetako ezker abertzaleko gazte borroka eta antolakuntzan aritutako belaunaldi ezberdinak batzea eta urte guztietako borrokak gogora ekartzea» da, eta aldi berean, «Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren bidean sortuko diren bulkada berriak hauspotzea».
Bilboko Bulkada Eguna apirilaren 6an izango da. Bertan, Bilbon gazte antolakundean militatzen ari diren eta militatu duten belaunaldi guztietako jendea batzeko asmoa dago, eta adin guztietarako egitaraua antolatzen ari dira. «Askotan, belaunaldi ezberdinetan gure auzoan edo Bilbo mailan borroka eta antolakuntzan egon diren gu baino nagusiagoekin harreman gutxi dago. Egun horretan belaunaldien arteko elkar ezagutza eta aurrera begirako erronkak marrazteko egun bikaina izango da», dio Bilboko Bulkada Eguna antolatzen ari den Ernaiko militante batek. Bestalde, egun horretan eta egunerokotasunean argi dute zer jarri nahi duten erdigunean: «Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala. Euskal Herri independiente, sozialista eta feministaren eraketa».
Oraindik ez dute egunaren egitarau guztia jakitera eman, gutxinaka-gutxinaka ari dira egongo diren ekintzen berri ematen. Orain arte aurreratu dutenez, Irrien Lagunak taldearen ikuskizuna eta umeentzako jolastokia egongo da, «umeak dituzten kideak aitzakiarik ez izateko». Aldi berean, goizerako, Bilboko auzoen arteko pike/olinpiada antolatu dute. O
Ondoren bazkaria egongo da, eta ‘Aski du’ taldeak girotuko du bazkaloste akustikoa. Iluntzerako kontzertuak egongo direla aurreratu dute ere bai. Goizeko egitaraua Santutxun izan arren, beste ekintzak Bilboko beste tokietan izango dira.
Bazkarian aukera begano eta begetarinoa egongo dela azaldu dute. Tiketak badaude dagoeneko salgai Deustu, Alde Zaharra, Santutxu, Indautxu, Otxarkoaga, Irala, Errekalde eta Zorrotzako herriko tabernetan, eta 15 euroko prezioa du langileentzat, 9 prekarioentzat eta 5 umeentzat.
Ernaitik aurreratu digutenez, Eztanda eta Mugalari taldeak egun horretarako abesti bat prestatzen ari dira, eta datozen egunetan aurkeztuko dute.
Ez da horrelako zerbait antolatzen den lehenengo gauza, azken hilabeteetan bazkariak edo afariak egin dira Bilboko hainbat auzoetan, eta parte hartu dutenek balorazio «oso positiboa» egin dute.
Gazte Topagunea
Gazte Topagunea apirilaren 19tik 22ra ospatuko da Lemoan 'Askatasun bulkadak independentziara' lelopean. Musikaz gain, mota guztietako ikuskizunak, hitzaldiak, mahainguruak, gazte sortzaileentzat plaza propioa eta ekitaldi, tailer eta aisialdi eskaintza zabala iragarri dute.
Oraindik, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek ez dute egitaraua guztiz zehaztu, baina musika taldeei dagokienez, besteak beste, Gatibu, Zoo, Kop, Hesian, Huntza, La Furia, Arkada Social, Gorka Suaia, Banda Bassoti, Governors eta Su Ta Gar haien presentzia konfirmatu dute jada.
Horretaz gain, nazioarteko hainbat delegazio joango dira Topagunean hainbat hitzaldi ematen, eta hainbat herrialdetako gazteria harremanetan jartzeko asmoarekin. Venezuelako JPSUV, El Salvadorreko JFMLN, Kataluniako Arran edota Kurdistaneko KNK taldeek egongo dira besteak beste.
Gazte topagunerako bonoak 70 euroan daude eskuragarri, Euskal Herriko 120 puntutan zein https://gaztetopagunea.eus webgunean.