Oldartu gazte dinamikaren barruan, Bidasoaldeko gazte talde batek ekintza burutu du, gaur eguerdian, Irun eta Hendaia lotzen zuen Santiago zubian. Balkanetako bidea zaildu den heinean, espainiar penintsulatik Europara sartzea lortzen duten etorkinek gero eta gehiago hautatzen duten pasabidean «Euskal Herria harrera herria» dela aldarrikatu dute protestan parte hartu duten 20 bat gaztek.
Batzuk aipaturiko leloarekin banderola zabaldu duten bitartean beste batzuk arropak pintura gorriarekin busti eta etzan dira errepidean. Era horretan, Europak ezarritako hesiek sortzen dituzten heriotzak eta sufrimenduak salatu dituzte. Protestaren ondorioz, Irun eta Hendaiarantz norabidean moztuta egon da trafikoa minutu batzuetan.
Heldu den abuztuan munduko zazpi herrialde aberatsenetarikoak biltzen dituen G7 taldeak bere urteko goi-bilera egingo du Biarritzen. Hitzordu hori salatzeko sorturiko plataformak zabalduriko bidetik, Oldartu gazte dinamikak bilera horretara helduko diren agintariek duten ardura, besteak beste, migrazioaren auzian agerian utzi nahi izan dute, baita ere, gaur eginiko protestaren bidez.