naiz

«Txaleko horien» protesten hastapenetatik 2.000 lagun kondenatu ditu Gobernu frantsesak

Nicole Belloubet Gobernu frantseseko ministroak jakinarazi duenez, 8.700 pertsona atxilotu ditu Polizia azaroaren 17an «Txaleko horiek» mobilizazioak hasi zituztenetik. Horietatik, 2.000 inguru kondenatuak izan dira.

Polizia frantsesa manifestari bat atxilotzen, «Txaleko Horien» protesta batean (Sebastien SALOM-GOMIS/AFP)
Polizia frantsesa manifestari bat atxilotzen, «Txaleko Horien» protesta batean (Sebastien SALOM-GOMIS/AFP)

Atxilotutako «Txaleko horien» kontrako epaiketetan, «%40 kartzela zigor irmoak izan dira eta %60 beste zigor mota batzuk, adibidez, interes orokorreko lanak, indultuak, eta abar», esan du gaur eguerdian Nicole Belloubet Justizia ministroak BFMTV telebista-kanalean.

Belloubetek ohartarazi du, baita ere, larunbatero egiten diren manifestazioetan atxilotutako ia «1.800 pertsona» daudela epaiketaren zain. Ministerioaren datuen arabera, orain arteko kartzela zigorrak hilabete bat eta hiru urte artekoak izan dira.

Halaber, pasa den larunbatean segurtasun indarrek egindako lana goraipatu du ministroak, ez baitzen hilaren 26an Parisko Eliseo Zelaietan gertatu moduko gainezkatzerik izan hiriburuan, bere esanetara.