Bilbon eginiko agerraldi batean, LABek azpimarratu du Euskal Herriko botere publikoak ez direla «gai izan herritarren hitzkuntza-eskubideak bermatzeko, ez baitute lehentasunen artean izan herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea».
«Gure herrian euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatezkoak eskaintzea», nabarmendu dute LABeko kideek.
Alderdiekin izandako harremanetan, sindikatu abertzaleak sumatu du eztabaidatzen hasiko diren legea «helduen euskalduntzean pribatizazioa eta prekarizazio handiagoa ezartzeko» erabiliko dutela. Gaineratu dutenez, «sumatu dugu euskaltegi publikoen mapa hedatu eta herritarren beharretara egokitu beharrean, sare publikoa murriztu egin nahi dutela eta euskaltegi publikoak ixteko asmoa agertzen hasi dira zenbait lekutan».
Asmo horiek alde batera uzteko eta sektoreko lanpostuak gaztetzeko, egonkortzeko eta duintzeko bideari ekin diezaiotela galdegin du LABek.
Era berean, «orain arteko sistema, subentzio-sistema hain zuzen, gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar direla» adierazi du sindikatuak.
LABek Legebiltzarrean erregistratuko du bere proposamena, alderdi guztiek haren berri idatziz izan dezaten eta, horrez gain, helduen euskalduntzean eta alfabetatzean beren helburuak lortze aldera mobilizazioekin hasiko direla.