@Ane_Urki
Donostia

Nork bere eremuan ematen dituen eztabaiden topaleku ere izango da Gazte Topagunea

Gazte Topaguneko antolakuntza lanetan ari diren kideak, Gazte Antolakundeko kide eta kide ohiak eta Ezker Abertzaleko hainbat lagun batu dira agerraldi publikoan. Mahai-inguru, formakuntza tailer eta musika kontzertuez gain, berritasun gisa, gazte sortzaileentzako gunea egongo da Lemoan. Topagunea apirilaren 19an hasiko da eta 22ra arte iraungo du.

Antolakuntzako kideak eta Ezker Abertzaleko militanteak batu dira agerraldi publikoan.(Andoni CANELLADA / FOKU)
Antolakuntzako kideak eta Ezker Abertzaleko militanteak batu dira agerraldi publikoan.(Andoni CANELLADA / FOKU)

Pasa den asteburuan Bulkada Egunak ospatu ziren Euskal Herriko zenbait herritan eta datorren asteburuan beste hainbatetan egingo dute, apirilaren 19an Lemoak hartuko duen Gazte Topagunerako beroketa gisa. Hiru hilabete igaro dira honen aurkezpena egin zutenetik eta ordutik egutegia finkatzen aritu dira. Aitor Servierek (Aitzina) eta Lur Arbizuk (Ernai) agerraldian berretsi dute herri eta auzoetako eguneroko borroka eta lanen topaleku izango dela Lemoa eta nork ber eremuan ematen dituen eztabaida eta hausnarketen topagunea izatea ere nahi dute.

40 urte igaro dira Ezker Abertzaleko lehenengo Gazte Antolakundea sortu zenetik eta horren harira batu dira orduko eta egungo kide eta Ezker Abertzaleko hainbat aurpegi ezagun. Horien artean, Arkaitz Rodriguez, Garbiñe Aranburu, Arnaldo Otegi, Larraitz Ugarte, Iñaki Soto...

Mahai-inguruek eta musika kontzertuek hartuko dute tarterik handiena topaguneak irauten dituen lau egunetan. Berrogeita hamar eztabaida-gune baino gehiago egongo direla azpimarratu dute. Horien bitartez Euskal Herriko borroka ezberdinak ekarriko dituzte lehen lerrora eta aurtengoan internazionalismoak pisu berezia izango duela jakinarazi dute. Blanca Eekhout Venezuelako Gobernuko kidea, Jordi Borras fotokazetaria edota Camilo Cejas Uruguaiko herritar parte-hartze mugimenduko kidea hurbilduko dira; hala nola Kurdistango bidelagunak, Norbegiakoak, Venezuelakoak, El Salvadorrekoak eta Estatu espainoleko zapadutako nazioetakoak.

Musikaren tartean jada iragarrita dauden 50 musika taldez gain –euskaldun zein nazioartekoak–, oraindik ere sorpresatxo bat gordetzen dutela zehaztu zuen Aitzinako kide Aitor Servierrek. Hurrengo egunetan emango dute honen berri: «Gazte guztiontzat berezia izango da talde honek Topagunean jotzea, baita beraientzat ere».

Gazte sortzaileen plaza izango da topalekuko berrikuntzarik nabarmenena, «sorkuntza badelako kulturaren oinarri eta Euskal Herria nekez eraikiko dugulako gazteon kultura bulkadarik gabe». Berezitasunekin jarraiki, egun bakoitzean ekitaldi nagusiak izango dira: apirilaren 19a presoen nazioarteko eguna izaki Kalera Kalera dinamikak ekitaldi nazionala egingo du, Bulkadak Gara ekitaldi politiko nagusia egingo dute 20an eta "Errautsetatik askatasunera" ekitaldia egingo dute igandean, hilak 21.

Protokolo sendoa

Gazte Topagunean hainbat zerbitzu egongo dira eskuragarri eta gune guztietan zero zabor filosofia izango dute oinarri. Bestalde, ez da onartuko inolako eraso sexista, arrazista edo xenofoborik eta Lur Arbizuk tinko adierazi du hauei erantzun irmo bat emateko protokolo sendo bat jarriko dutela.

Datozen egunetan 150 gazte baino gehiago muntaiako lanekin hasiko dira eta topaguneak irauten duen bitartean milaka lagun arituko dira antolakuntza, koordinazio eta txanda lanetan.