Naiz

Bizkaiko ikasleek Bilboko kaleak hartu dituzte hezkuntza sistemaren eraldaketa aldarrikatzeko

Bizkaiko hainbat ikastetxeetako ehunka ikasle mobilizatu dira ostegun honetan Ikasleok Zorrotz dinamikak deituta Bilbon egin duten manifestazioan. Bertan, egungo hezkuntza sistema salatu, eta hezkuntza burujabe, euskaldun eta hezkide bat aldarrikatu dute.

Ikasleok Zorrotzen manifestaldia Bilbon.
Ikasleok Zorrotzen manifestaldia Bilbon.

Ikasleok Zorrotz dinamikak ‘Ikasleok dagokiguna borrokatu’ lelopean egindako manifestazioa Hezkuntza ordezkaritzatik hasi da 12:00etan, eta eraikinaren ateetan kartelak itsatsi ondoren, Bilboko Kale Nagusitik abiatu dira Plaza Biribilera, Areatzan bukatzeko ekitaldi batekin.

Ekitaldian, aurtengo ikasturtean tokian-tokiko problematikak lantzen egon direla adierazi dute. «Ikasgelan ematen denez hezkuntzaren garapena, hein batean, ikasleok batzen gaituen espazio naturala izaten da, eta hortaz, ikastetxean bertan ematen diren zapalketa zuzenekin dugu harremana. Gure ikastetxe propioetatik hasita, zapaltzen gaituen hezkuntza sistema bortitz honi erakutsi dizkiogu hortzak», azaldu du hizlari batek.

Dinamikak lau ildoren baitan antolatu ditu bere indarrak: euskara, hezkidetza, eduki propioak eta ikas baldintza duinak. Ezinbestekotzat jotzen du ardatz horietan lan egitea baina, aldi berean, borroka guztiak «elkarloturik» daudela adierazi dute. Komun komunak, patioen erabilera parekidea, ikasketa planetan eduki propioak bermatzea... izan dira ikastetxeetan aurrera eraman dituzten borroketako batzuk.

Hala ere, ekitaldian azaldu dutenez, borroka lokalei «berebiziko garrantzia» emateaz gain, ildo berdinetatik lanean ari diren ikasleak saretzea «ezinbestekoa» ikusten dute. «Saretzea eta elkarrekin lan egitea, beharrezkoa baita borroka lokalen erroak azaleratu eta indarrak batuz hezkuntza sistema pixkanaka-pixkanaka eraldatzen hasteko aukerak sortzeko», aldarrikatu dute.

«Egungo hezkuntza sistema hautaketa tresna da, sistema bere horretan erreproduzitzeko ezinbesteko tresna», salatu dute. Horren aurrean, «erreformen eta inposizioen» aurrean, Euskal Herriak «hezkuntza sistema propio eta burujabe bat» behar duela azaldu dute, «herritik eta herriarentzat eraikia, euskaratik eta feminismotik eragiten duena, kolektiboa, kritikoa, baztertzailea ez dena… Euskal Herria bera ere halakoa izan dadin».

Azkenik, lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, «lortu ez ditugun garaipen txiki horiek borrokatzen jarraitzeko, izan plantoak, selektibitatea, hezkidetza edo beste hamaika. Jarraituko dugu bazterrak astintzen… Jarraituko dugu dagokiguna borrokatzen, ikasle borrokaz hezkuntza sistema propioa lortu arte».