Zinemaldiak jakinarazi dutenez, Roberto Gavaldón (1909-1986) 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zine zuzendari garrantzitsuenetakoa izan zen. Jiménez herrian (Chihuahua, Mexiko) jaio zen, 1909an, eta estra, aktore, zuzendari laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. Zuzendarikide moduan ere egin zituen lan batzuk, eta 1945ean zuzendu zuen bere lehen bakarkako lana: ‘La barraca’, Vicente Blasco Ibáñezen izen bereko nobelaren egokitzapena.
Estilo soila, klasikoa eta errealista izan zen bere ezaugarri nagusia, eta horregatik nabarmendu zen lehen film luzea egin zuenetik bertatik. Gainera, horretan lagundu egin zion Gabriel Figueroa, Alex Phillips eta Jack Draper argazki zuzendariekin lan egiteak, besteak beste. Gai melodramatikoak jorratu zituen oro har. Gerora, bere estiloak eta aukeratzen zituen istorioek aurrez aurre jarriko zuten kritikari eta zuzendari gazteagoekin, haiek zalantzan jartzen baitzuten zinemagileak zinema nazionalerako zuen joera.
‘Macario’ (1960) da bere film garrantzitsuenetako bat. Ben Traven-en kontakizun bat du oinarri –John Hustonek ere idazle hori izan zuen inspirazio iturri ‘The Treasure of the Sierra Madre’ filman, eta Gavaldónek berak ere berriro egokitu zituen haren lanak ‘Rosa blanca’ (1961) eta ‘Días de otoño’ (1963) filmetan–, eta harekin Canneseko Zinemaldian parte hartu zuen. Gainera, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako izendatutako lehen film mexikarra izan zen.
Protagonista Ignacio López Tarso zen, Mexikoko zinemako izarretako bat urte haietan. Mexikoko zinematografiako beste izen handi batzuekin ere lan egin zuen Gavaldónek, besteak beste, María Félix, Dolores del Río, Arturo de Córdova, Pedro Armendáriz eta Libertad Lamarque melodramaren izar argentinarrarekin.