naiz

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu izango dira Gure Esku Dagoren bozeramaile berriak

Etapa berri bati ekingo dio igandean Gure Esku Dagok, Bilboko Euskalduna Jauregian eta bertan eginen dute Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaile berrien aurkezpen ofiziala. Berritasun gehiago ere izanen dira.

Zientzia juridiko eta politikoen arloko ikerlaria da Amalur Alvarez (Donostia, Gipuzkoa, 1988) eta irakaslea Josu Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia, 1961). Biak ala biak Gure Esku Dagoko kideak, dinamikaren hastapenetatik. Bozeramailetzaren lekukoa hartuko dute igandean, sei urteren ondoren, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasen eskuetatik.

«Egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizuneko erronkak mahai-gaineratzeko unea izango da igandeko ekitaldia. Herri mugimenduaren bazkideez, kidegoaz eta jarraitzaileez gain, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak ere izango dira», azaldu du Gure Esku Dagok.

Jakinarazi dutenez, bozeramaile aldaketa ez da dinamikaren barnean egonen den bakarra. «Berrikuntzak eta sorpresak izango ditu martxoaren 31ko ekitaldiak. Egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizuneko erronkak mahai-gaineratzeko unea izango da». Bozeramaile berrien ezagutzera emateaz gain, zuzendaritza kontseilua osatuko duten kideak ere jakinaraziko dituzte.