NAIZ
DONOSTIA

Renfe aldirietako bidaiariek beherapenak izango dituzte Mugi txartelarekin bihartik aurrera

Renfe aldirietako zerbitzuak erabiltzen dituzten bidaiariek beherapenak izango dituzte bihartik aurrera Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) jakinarazi duenez.

Renferen tren bat Donostiako geltokian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Renferen tren bat Donostiako geltokian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Bihartik aurrera Renfe aldirietako zerbitzuak erabiltzen dituzten bidaiariek Mugi txartelaren beherapenak izango dituzte. «Korapilatsua eta luzea izan da Renfe aldiriak eta Mugi sistemaren baitan txertatzeko bidea. Gipuzkoarrek urtetan egindako eskaria izan da, eta indarrean sartzeko, aurrez, GGLA eta Renfek aldaketa tekniko sakonak egin behar izan dituzte», azaldu du GGLAk.

Urtero zazpi milioi lagunek erabiltzen dute Renferen zerbitzua Gipuzkoan, batik bat Orain eta Irun-Oarsoaldea korridorean. Hemendik aurrera Lurraldebus, Euskotren eta Donostiabusen eskaintzen diren beherapen berak izango dituzte Renfe erabiltzen duten bidaiariek.

Honekin batera, tarifa berriak ezarriko ditu GGLAk. Mugi txartel pertsonalizatu darabilten erabiltzaileek %47ko beherapena izango dute lehenengo hogei bidaien prezioan. 21 eta 50 bidaien artekoak, berriz, %57ko beherapena izango dute. 51. bidaiatik aurrera beherapena %90ekoa izango da.

Gazteentzako abantail bereziak izango dira. Txartela kargatzen duten aldiro, egindako kargaren %25 gehituko zaie txartelera. Hau da, hamar euroko karga egiten duten bakoitzean 2,5 euros oparituko zaizkie. Gainera, hileko 51. bidaiatik aurrera doan bidaiatuko dute Mugi sistemaren baitan dagoen Gipuzkoako garraio publikoan.