NAIZ+

Korrikaren pausoek munduan dute oihartzuna

Gaur abiatuko da Korrika Euskal Herrian, baina munduko txoko ezberdinetara helduko da Europan, Amerikan, Asian eta Ozeanian antolatuko 28 Korriken pausoei esker.  

Korrikak Paris zeharkatu du jada
Korrikak Paris zeharkatu du jada

Gaur abiatuko da euskararen aldeko herri lasterketa ederrenaren 21. edizioa. Gares izango du abiapuntu eta hurrengo 10 egunetan Euskal Herri osoko errepideak zeharkatuko ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte.

Beste edizioetan bezala, baina, Korrikaren mezua munduko txoko ezberdinetara helduko da, izan ere, Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan eta munduan barrena barreiaturik dauden Euskal Etxeetan egitarau bereziak antolatu dira egunotan. Zehazki, Etxepare Euskal Institutuak iragarri duen moduan, gutxienez 28 hiritan egingo da lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat.

Europan, 15 hiritan izango dira euskararen aldeko hitzorduak. Alemanian, Erresuma Batuan edo Polonian, esaterako. Hego eta Ipar Amerikan beste hamaika Korrika izango dira; Argentinan, AEBetan eta Txilen, nagusiki. Herrialde hauetan indar handia du-eta euskal diasporak. Asian eta Ozeaniara ere iritsiko da Korrikaren oihartzuna, izan ere Shanghain eta Sydneyn antolatu dituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek.

Euskal Herrian ez bezala, herrialde batzuetan dagoeneko ospatu dira Korrikaren inguruko festak. Horren adibide dira Parisen–goiko bideoan ikusgai-, edota Boisen egindakoak:

 

Nazioarteko Korrika hauek antolatzeko ardura hartu duten taldeen jatorriak bi dira nagusiki: Euskal Etxeak eta unibertsitateak. Munduan zehar dauden Euskal Etxeek 16 Korrika antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du Euskal Etxeekin, bertan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere.

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan ere antolatu dira nazioarteko Korrika batzuk, sei guztira. Munduan zehar egingo diren gainontzekoak bi eragile hauen eta bertako euskal komunitatearen arteko elkarlanaren emaitza izango dira.

Jai hauetako bakoitzak egitarau propioa duen arren, gehientsuenek lasterketa, manifestuaren irakurketa, euskal kulturaren adierazpen ezberdinak (musika, dantza, jolasak…) eta jan-edanak izaten dituzte euskararen aldarriari euren babesa emateko.

Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea da eta hauxe bera da Korrikarekin duen elkarlanaren xedea: nazioartean euskararen inguruko mezua zabaldu eta indartzea.