«Gaur hona bertaratu garen norbanako eta eragile guztiok, urteak daramatzagu lanean, urteak larriko gaixo dauden presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzen». Honela hasi da gaur Errenteria-Oreretako Sarek eginiko agerraldia, Aitzol Gogorza espetxealdi arindua onartuta etxera ekarri ostean.
Bi mezu nagusi izan dituzte Jon Minerrek eta Lurdes Urangak guztien izenean. Batetik, «herri osoari eskerrak ematea eta egin dugun lanak fruituak eman dituela gogoratzea». Bestetik, oraindik kartzeletan eritasun larriak dituzten 20 preso askatzeko beharra berrestea. Horien artean «Mikel Arrieta herrikidea dugu, Algeciraseko espetxean, etxetik 1.200 kilometrotara», ekarri dute gogora.
Bihar, apirilaren 7a, Nazioarteko Osasunaren Eguna dela aipatu dute agerraldian. «Osasun eskubidea pertsona guztiena da –esan dute horren hildotik–. Tamalez, larriki gaixo dauden 20 preso horiek jarraitzen dute osasun eskubide horien jabe izan gabe».
Gogorza askatu izanak poza eta itxaropena ematen die: «Saretik positiboki baloratzen dugu urrats hori. Baina ezinbestekoa dugu aipatzea Orereta-Errenteriako herritarrekin, eragileekin eta instituzioekin egindako lanketari esker lortu dugula. Hemendik, herritik, erakutsitako aktibazio eta konpromisoak eman dion bultzada ezinbestekoa izan da Aitzol etxeratzeko. Bidea zaila eta luzea izan den arren, gure ezberdintasunak alde batera utziaz, bide berean, elkarlanean lan egiteko gai garela erakutsi dugu beste behin ere. Eta bide honi irmoki eutsiz, gure herriak hainbeste desio duen elkarbizitza, konponbidea eta bakea lortzeko lanean jarraituko dugu».