Naiz
Gasteiz

Migratzaileei legez kanpoko identifikazioak egin dizkietela salatu dute Gasteizen

Gasteizko Udaltzaingoak «sarekada arrazistak» egiten dituela salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduak. Gasteizko Udalari leporatu dio jarrera horiek mugatzeko ardura.

Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak Gasteizko udaltzainek pertsona migratzaileekin izan dituzten jarrerak salatu ditu. Honen arabera, hiri guztian zehar ibili dira «sarekada arrazistetan» jendea legez kanpo identifikatzen. «Identifikatzen ez diren pertsonak Polizia Nazionalaren esku uzten dituzte», aipatu dute. Egoera hau «itogarria» dela uste dute, batez ere erdialdeko auzoetan.

«Gauza bat da delituren batean parte hartzearen susmoagatik identifikatzea eta beste bat, oso bestelakoa, jatorriagatik eskatzea identifikazioa, hau da, arrazoi arrazista huts bategatik», azpimarratu dute.

Elkarteak dio Gasteizko Udalak jokabide hau ahalbidetzen duela ez dituelako beharrezko neurriak hartzen bere zerbitzura dauden poliziei mugak jartzeko. Hori dela eta, Udalak martxoaren 14tik 23ra egin zuen ‘Arrazakeriaren aurkako astea’ begi onez ikusi eta sustatu bazuten ere, mugimendu bezala Udalaren ondoan agertzea ukatu zuten.

«Askotan gizarte-zerbitzuek ez baitiete aterperik ematen, edo kalean lo egin behar izaten baitute, edota hiritik alde egitera bultzatuak dira, euro gutxi batzuk eman eta autobusa hartu eta beste hiri batzuetara edo inguruko herri batzuetara joan daitezen edo, besterik gabe, alde egiteko esaten baitzaie. Vitoria-Gasteiz harrera-hiria?», adierazi dute ohar batetan Udalaren inplikazio zehatza eskatuz.

Elkarteak Gasteizi eskatzen diona da Udaltzaingoari berdintasun-formakuntza eskaintzea herritar guztiak modu berean tratatu ditzan, bereziki «gizarte-bazterkeria egoeran daudenak». «Era berean exijitzen dugu jar daitezela jarri beharreko baliabide guztiak udaltzainek identifikazio arrazista eta legez kontrakorik egin ez dezaten», eskatu dute.

Azkenik, jakinarazi dute udal sindikoari eta Arartekoari emango dietela arazo larri honen berri, egin beharreko txostenak egin ditzaten.