naiz

Sterratoa protagonista, Itzuliaren bigarren etapan

Euskal Herriko Itzuliak bigarren etapa izango du gaurkoan. Zumarragatik abiatu eta Gorraizen izango du helmuga, 600 metroko aldapa batean. Bidean, baina, iritsiko da aurtengo edizioko berritasun nagusia, txirrindulariek sterrato izenez ezagututako harbide zuriak gainditu beharko dituzte-eta. Antza, euripean.

Izagirre anaiak, Eguesibarren sterratoa ezagutzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Izagirre anaiak, Eguesibarren sterratoa ezagutzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Maximiliam Schachmann txirrindulari alemaniarrak lidergoa defendatu beharko du Zumarraga eta Gorraiz lotuko dituen 149,5 kilometroko etapan. Lasterkta 13:37ean abiatuko da eta helmuga 17:19
eta 17:41 bitartean harrapatzea espero da.

Etapa hasieran Olaberria eta Lizarrusti mendateak gainditu beharko dituzte, Nafarroan sartzeko. Baina ez dira hauek eguneko zailtasun nagusiak izanen. Bidean tranpa bereziak topatuko dituzte gaurkoan. Aurtengo berritasun nagusia diren sterrato edo harbide zurietan 4,8 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Antolakuntzak bide hauek samurtu dituen arren, estuak dira eta tentsioa nabaria izanen da hauen sarreran, posizioa hartzeko. Gainera, aurreikuspenen arabera, 14:00etatik aurrera euri zaparradak espero dira eta honek bai nahiko zailduko luke txirrindularien lana. Erorikoak eta zulatuak ekiditea izango dute askok gaurko jomuga nagusi.

Hori gutxi balitz, etapa aldapa labur eta piko batean amaituko da. Gorraizen %8ko penditza gainditu beharko dute azken 600 metrotan. Halako programarekin, bi izen ageri dira guztien gainetik gaurko egunerako faborito: Julian Alaphilippe eta Michal Kwiatkowski.