NAIZ
DONOSTIA

Jendetza bildu da Donostian Korrikarekin ‘klika’

Bilbo gurutzatuta eta Lea-Artibaitik Bizkaia atzean utzita, Gipuzkoara itzuli da Korrika, edizio honetan bigarrenez. Kostatik pasa eta Añorgatik barrena sartu da Donostian, jendetza artean. 

Antiguako Txantxarreka gaztetxeako kideak, bere furgoneta propioarekin. (@AEK_eus)
Antiguako Txantxarreka gaztetxeako kideak, bere furgoneta propioarekin. (@AEK_eus)

Edizio honetan bigarren aldiz Gipuzkoara sartu da Korrika, Mutrikutik eta jarraian hegoalderako bide hartu du, Mendaro eta Elgoibartik pasatzeko.

Goizeko 9.00ak aldera sartu da Azkoitian eta herri honetan jaso duen babesa nabarmendu dute antolatzaileek, ibilbideak irauten duen 8 kilometroetan 45 eragile desberdinek hartu baitute parte. Handik kostalderako bideari ekin diote berriro ere, Azpeititik eta Zestoatik. Handik Urola Kostan murgildu da euskararen aldeko lasterketa.

Arratsaldeko bostak baino lehenxeago sartu da Donostian Korrika, Añorgatik barrena. Han Amassorrain ikastolako haurrek hartu dute lekukoa, eta haiek GARAri pasa diote. Iñaki Sotok eta Bego Arrondok eraman dute, langileek lagunduta.

Giro ederrean eta eguzkiak lagunduta ari da ibilbidea egiten Korrika Gipuzkoako hiriburuan barrena, jendetzak babestuta. Iluntzeko bederatzietan, Altzatik igaro ostean, Pasai Antxorako bidea jarraituko du.

Ondoren, Trintxerpen sartuko da, Bidebietatik. San Pedrotik Pasai Donibanerako zeharkalea barkoz egingo du. Ondoren, Oarsoaldeko ibilbidearekin jarraituko dute, tipi-tapa Lezora ailegatzeko.

Hamaikak aldera lekukoa Errenterian egongo da eta gauerdirako Oiartzunen sartuko da. Hernanirako bidean harrapatuko dituzte apirilaren 13aren lehenengo orduek korrikalariak eta furgoneta. Hernanitik Urnietara joango dira; eta ordu bi eta erdiak aldera, etapa honetako azken mugarria joko dute: Andoain.