2009ko apirilaren 18an Jon Anza arrastorik utzi gabe desagertu zen, Baionatik Toulousera abiatzen zen trena hartu ondoren. Bere hilotza 2010eko martxoaren 11n Toulouseko gorputegian agertu zen. Hamaika hilabete eman zituen, antza denez, polizia eta justizia ikerketek bilatzen zuten erantzuna aurkitu behar zuten leku batean. Aitzinetik miatua izan zen, gainera.
Jon Anza Kolektiboko kideen arabera, «espainiar zein frantziar estatuetako arduradun politiko eta judizialek (Alfredo Perez Rubalcaba, Michèle Alliot Marie, Anne Kanayakis…) fabrikatutako bertsioak ez ditu gertaerak argitu; alderantziz. Garai hartako testuinguru politikoak gerla zikinaren tesia indartu besterik ez du egin».
Erantsi dutenez, «aurreko hilabeteetan norbere burua poliziatzat aurkezten zuten mertzenarioek, gutxienez lau euskal militante bahitu zituztela ere jakin zen. Lander Fernandezen, Alain Berastegiren, Dani Saralegiren eta Juan Mari Mujikaren, azken hau Donapaleun, bahiketarako 'modus operandiak' Jon Anzarena nola gertatu zen imajinatzeko tartea uzten zuen».
2017an, Jonen heriotza bihotzeko baten ondorioz izan zela eta honen kudeaketa bata bestearen atzetik gertatu ziren akats administratiboen emaitza zela ondorioztatu ondoren, Pariseko Dei Auzitegiak, Estatu frantsesak euskal militantearen desagerpenaren ikerketan izan zuen erantzukizunaren aitortza eskaera atzera bota zuen.
10 urte igaro ondoren, Jon Anza kolektiboa sortu zutenentzat premiazkoa da egiaren beharra. Horregatik Jon omentzeko eta egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko ekimen bat antolatu dute etzirako, Sokoako frontoian (Ziburun), 19.00etan.