@Maite_Ubiria

«Jon oso maitatua zen eta Sokoako lantegian kolpe latza izan zen bera desagertzea»

Mikel Ibarguren eta Isaac Kortabitarte gaur bezalako egun batean, badira 10 urte, desagertu -eta ondoren hilik agertu- zen Jon Anzaren lankideak ziren. Biek ala biek “Non da Jon?” galdera pausatu zuten, astero-astero, Sokoa lantegira daraman biribilgunean antolaturiko elkarretaratzen bidez. Lehenari egokituko zaio, gaur arratsaldean, 19.00n, Zokoako frontoian antolaturiko oroimen ekitaldian hitza hartzea “denok maite zuten langile finaren memoriaren arrastoa inoiz galdu ez dadin”.

Jon Anzaren lankideak Hendaiako Joncaux biribilgunean gertatukoaz egia exijituz.
Jon Anzaren lankideak Hendaiako Joncaux biribilgunean gertatukoaz egia exijituz.

Jon Anza kolektiboak lan eskerga egin zuen 2009ko apilaren 18an desagertu zen militante donostiarraren kasua gizarteratzeko orduan.

Gaur arratsaldean, preso ohia desagertu zenetik -hamaika hilabete beranduago bere gorpua Touloseko morge batean atzeman zuten- 10. urtemuga betetzen denean ekitaldi sumea eginen dute bere oroimenez Zokoako frontoian.

Mikel Ibargurenek eta Isaac Kortabitartek banatu dituzte lanak. Lehenari, idazle izanik, pasarte latza hura birgogoratzekoak piztu zaizkion sentimendu gazi-gozoak paper batean islatzea egokitu zaio. Amorru, etsipena eta maitasuna laburbeltzen dituzten hitzei ahotsa jartzea Isaacen esku geratuko da.

Biek ala biek beren lankideari gertatu zitzaionak zauri sakona utzi zitzaiela aitortzen diote, lehenik eta behin, NAIZi. «Oso kolpe latza izan zen guretzat, egunero gure ondoan lanean genuen lagun hori egun batetik bestera desagertzea, eta ez jakitea zer gertatu zen oraindik latzagoa”, azaldu du Mikelek.

“Denok zirrara sentitu genuen, bai guk, eskarmentua bagenuela eta hasieratik buldurrez bizi genuela gertatutakoa, eta baita ere gainerako langileek ere, beraientzat ulergaitz zelako norbait horrela desagertzea”, gaineratu du Isaacek.

Bai Mikelek bai Isaacek “langile eta adiskide bezala” aldarrikatzen dute Jon. Azadu dutenez, “denok preziatzen zuten nahiz eta denbora gutxi zeraman Sokoako lantegian”.

Tristura nagusitzen da, baita amorrua ere, bereziki “agintean ziren Alliot-Marie eta Rubalcabaren jarrera gogaigarria” gogoratzeko unean. Eta egia oraindik ere zor zaiela militantearen familiari azpimarratu dute.

Txarrenetik onena atera nahian “bere oroimena ez dela galdua izanen jakitea eta horren alde gure ekarpen egitea” dutela xede gaurko ekitaldia babestuz adierazi dute.