NAIZ
BILBO

EAJ: «Erantzun irmoa jasoko du Estatutua puskatzen duenak»

Jeltzaleak Bilbon ospatzen ari dira Aberri Eguna, aurten zendutako Xabier Arzallusen hitzak oroituz: «Ez dago lasterbiderik gailurrera igotzeko, bideari jarraitu behar zaio, mantsoago, mendia inguratuz; iritsiko gara, seguru».

Jeltzaleek Bilboko Plaza Barrian egin dute Aberri Eguneko ekitaldia. [Aritz LOIOLA/FOKU]
Jeltzaleek Bilboko Plaza Barrian egin dute Aberri Eguneko ekitaldia. [Aritz LOIOLA/FOKU]

Iñigo Urkullu lehendakariak berreskuratu ditu Xabier Arzallusen adierazpen horiek, Aitor Esteban Madrilgo Kongresurako Bizkaiko hautagaiarekin eta Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin emandako mitinean, Bilboko Plaza Barrian.

Lasterbideak hartu zituztenak ahituak daudela agertu du Urkulluk, eta, gainera, «ez dira akatsa eta eragindako min injustua onartzeko gai». Azaldu duenez, Aberri Eguna gure herriaren jai eguna da, mundu zabalean bizi diren euskaldun guztiekin ospatzen duten eguna. Aurten, oroimen eta aitormen berezi batekin hasi dira: «Gure belaunaldiaren gidariari; pertsona, abertzale eta jeltzale eredugarriari: Xabier Arzalluz».

Bi hauteskunde kanpainaren erdian tokatu delako ere bada berezia Aberri Egun hau: «Akusazioak eta gaitzespenak batak besteari, egi erdiak, demagogia... Itzul gaitezen esentziara: Euskal Herria Europan eta mundu global batean. Hori da gure izateko arrazoia eta etorkizuna, ezberdintzen gaituena!», erran du lehendakariak tinko.

«Gizarte eta nazio eraikuntzan aurrera egingo dugu. Bizikidetzan eta autogobernuan aurrera egingo dugu», promes egin du.

«Euskal Agenda guk asmatu genuen»

Aitor Esteban Madrilgo Kongresurako Bizkaiko hautagaiak halaxe baieztatu du: «Euskal Agenda guk asmatu genuen. Autogobernua, ekonomia eta eskubide sozialak dira. Kupoa, Kontzertu ekonomikoa, argindarraren tarifen jaitsiera, euskal Y, energia berriztagarriak, I+G+I...».

Eta «Riveren aurrean Kontzertua defendatzeko ordua ailegatzen denean, zeinek egingo du EAJk ez bada? Euskal autogobernua funtsezkoa da. Ez egin zalantzarik: PSOEk Moncloara iristeko behar badu, ez du dudarik izango eta Ciudadanosekin elkartuko da».

Hala argitu du, bizkaieraz: «Jeltzaleok euskaldun bakarrik sentitzen gara. Baina horrek ez du esan nahi besteen sentimenduak onartzen ez doguzanik bakoitza zelan santitzen dan ezin inposatu daitekeelako. Baina nazio bakarra espainiarra dala esaten dabenei gurea be errespetatua izan daitela eskatzen dautsegu».

«Kongresuan 5, senatuan 6. Ez gara asko herri txikia garalako. Harrokeri barik, gure eskainu gitxi horreek euskaldunentzat baliotsuak izan dirala esan daikegu», gaineratu du.

«Autogobernua ukiezina da»

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak autogobernua arriskuan dagoela ohartarazi du. «Alderdi batzuk hor dabiltza esaten kendu nahi dutela. Baina horrelakorik egin nahi duenak aurrean izango gaitu. Hemen egongo gara, ez diegu utziko. Daukaguna babestu behar dugu eta gehiago nahi dugu (...) Inork Estatutuaren ituna puskatzen badu alderdi honen eta herri honen erantzun irmoa jasoko du. Adi, serio ari gara-eta», abisatu du.

«Tristea da esatea, baina egia da: abertzaleen arteko lankidetza eta ulermena gaur egun zero da. ELAk bere kongresua egin du eta exekutiba berria aukeratu du, baina betiko errezetarekin: gizarte hau banatu nahi dute, abertzaleak banatu nahi dituzte», kritikatu du Ortuzarrek.

Eta ezker subiranistaren inguruan, honakoa adierazi du: «Hortik dabil Ezker Abertzalea, nora ezean, zer diren ere ez dakite: iraultzaileak edo erabakiorrak. Legebiltzarrean, konplexurik gabe PPrekin bat egiten dute Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren kontra. Espainiako Gobernuari musutruk bozkatzen dizkiote dekretuak».

«Gu, gure bidetik», baieztatu du. Bere azken mezua Euzko Gaztedirentzat (EGI) izan da: «Senti zaitezte harro militatzen duzuen alderdiaz, orain arte egindako bideaz eta jar zaitezte mugimendu honen buruan. Merezi du Euskadiren alde lan egitea».