2015eko (Nafarroa salbuespen) eta 2016ko larrialditxoa pasata, gorantz begira jarria da berriz EH Bildu. Herrialde guztietan ehuneko bertsuan egin du gora duela hiru urteko estatalekin alderatuz gero, eta denera orduan baino 74.127 boz gehiago eskuratu ditu. Asko. Horietariko ugari «lokartuta» izango ziren orduan edo Ahal Duguk «maileguan» harturik; beste asko berriak izango dira.
Horri erreparatu zion, pozez, Arnaldo Otegik, Marian Beitialarrangoitiarekin batera atzo eginiko agerraldian. Aldarrikapen feministak aipatu zituen, euskaltzaleak, presoen aldekoak, ekologistak... eta EH Bilduk bere egiten dituela gogora ekarrita «hegemonikoak ari dira bilakatzen» nabarmendu zuen. Horrela bada, oraindik gora egiten segitzeko tartea du EH Bilduk; beti arrotz egiten zaizkion hauteskunde hauetan baino garbiago ikusiko da maiatzekoetan.
Bultzada gazte horren eskutik, ezker abertzaleak historikoki indar handirik izan ez duen Nafarroako edota Arabako zenbait gunetan duen hazkundea kontuan hartzekoa da; esaterako, marka da Tafallan 1.092 boz izatea, eskuinetik gertu (1.315), edo Agurainen 444 boto-paperetatik 705era pasa izana.
Igandekoa aztertuta, M26an 2015eko foraletako 289.899ko langa berdintzea edo gainditzea eskura du EH Bilduk. Erronka berriak luzatzeko prest agertu zen atzo Otegi, oraingo hirurak erraz gainditu dira eta: Euskal Herrian 200.000 bozak gainditu nahi eta 258.840 batu ditu; Estatu osoan milioi bat boto-paper independentista baietz lortu esan eta 1.368.840 izan dira, eta ERCrekin batera hamabost diputatu helburu gisa jarri, eta hemeretzi ere izan dira hautetsiak.