Jon ORMAZABAL

Errebalidarik zailena

Aimar Olaizolak 2013an lortu zuenetik inork egin ez duen gerriko gorriaren defentsari ekingo dio Altunak.

Itzul daitezke berriz, baina oraintxe bertan urruti dira urteko txapel guztiak bi edo hiru pilotariren artean banatzen zireneko garaiak. Aimar Olaizola eta Irujo puntaren puntan zebiltzan garaietan gertatu zen halakorik azkenekoz, eta bi nafarrak dira txapeldun izatea errepikatu duten azkenak; Goizuetakoak Buruz Burukoak eta Lau eta Erdikoak bildu zituen 2012 eta 2013 urteetan eta Iberokoak Binakakoak 2013 eta 2014an. Orain Jokin Altunari dagokio urte guztian gorriz janzteko aukera defendatzea, inoiz baino irekiagoa dirudien Manomanistan.

«Ez dut txapela defendatzeagatik presio berezi bat sentitzen. Lehen bi faborito egoten ziren eta orain askoz gehiago dira txapela lortzeko hautagaiak. Agian, neuk ere nire burua faboritotzat joko banu, presioa handiagoa litzateke, baina, gaur egun, lehiaketan gauden guztiok irabaz dezakegu txapelketaren bat. Nitaz ere esan zuten ez nintzela Buruz Buruko txapeldun izatera helduko eta begira zer gertatu zen», adierazi zuen amezketarrak atzoko material aukeraketan.

Bide horretan, gerriko gorri horri beste astebetez eustea du lehen helburua, nahiz eta ondo dakien ez duela Irribarriaren aurka lan errazik izango. «Badakit berak nik baino askoz gehiago jotzen diola eta oso partida zaila izango dudala, baina iaz ere izan nituen halako erronka handiak pilotari indartsuagoen aurka eta aurrera egitea lortu nuen, nire dohainak ahalik eta gehien esplotatzen saiatu behar dut berriz», gaineratu zuen.

Binakakoan finaletik at geratu ostean, izan du txapelketa prestatzeko denborarik eta denera lau entrenamendu egin ditu Buruz Burukoa prestatzeko, Jokin Etxanizekin egindako saio teknikoez gain. «Gogoz eta ilusio handiarekin nago, entrenamendu onak egin ditut eta txisparekin aurkitzen naiz, gero ikusi egin behar partidaren garaian nola aurkitzen naizen».

Egindakoa baloratu

Iker Irribarriak ere ondo daki zer den txapela defendatu beharra. Oso gazterik jantzi zuen lehenengoa eta ezin izan zuen langa horren goian mantendu. Binakakoan gertu izan zuen txapela eta orain Buruz Burukoan ere faboritoen artean dago, nahiz eta Victorren aurkako lehen partidan askotxo sufritu zuen aramarrak.

Eibarko partidari buelta asko eman dizkio eta ondo daki hobetzeko asko duela aurretik. «Nire jokoa egin behar dut, jokatzera lasaiago irten. Beharbada, nire burua gehitxo estutzen dut eta joko pausatuago bat egin behar dut, pilota jotzeko unea hobeto aukeratu eta gehiago gozatu behar dut», azaldu zuen.

Hala ere, «desastre bat egin eta galdu nuela ematen du, baina 22ra heldu nintzen. Gauza onak egin nituen eta horiek ere baloratu behar ditut. Egia da deseroso egon nintzela, Victorri eskura pilota asko eman nizkiola eta berriz ere halakorik egiten badut zuzenean etxera joango naiz», gaineratu zuen.

Urte berekoak dira bi aurrelari gipuzkoarrak, 96koak, gertukoak eta txiki-txikitatik elkarren aurka maiz aritutakoak, baina sekula ez buruz buru. «Pikea badago, baina betiere errespetuaren barruan. Lagunak gara baina kantxan badakigu zer dagoen, bakoitzak bereari begiratu behar dio», esan zuen Aramakoak.

 

Joseba Ezkurdia, sufritzeko prest

Joseba Ezkurdiarena da pilotazale askoren ahotan faborito nagusi gisa asko errepikatzen den izenetako bat. Larunbatean ekingo dio txapelketari Labriten, Erik Jakaren aurka, eta badaki Lizartzakoa gainditzea ez dela, inondik inora, erraza izango.

«Entrenamenduetan ondo ikusi dut nire burua, partidetan jokoz eta emaitzaz ere ongi nabil, txisparekin, baina badakigu partida denak desberdinak direla, are gehiago Buruz Burukoan. Larunbatean badakit partida gogorra, partida serioa dudala aurretik eta buruz gogor etorri behar dut. Badakit sufritzeko partida izango dela, momentu txarrak egongo direla baina, galdu edo irabazi, kantxan husteko intentzioarekin etorriko naiz, ea zer gertatzen den», aipatu zuen.

Donostian bezala, ez zen inolako arazorik izan materialarekin eta Erik Jaka iazko errebantxa hartu eta bere burua aldarrikatzeko aukera baliatzeko prest agertu zen Labriten. J.O.