NAIZ
BILBO

AP-68an bizkaitarrentzat 30 euroko gastu-muga ezartzeko eskatu dio EH Bilduk Aldundiari

Aurki AP-68 autobidea foru eskuduntzakoa izango dela-eta, koalizio abertzaleak berriro eskatu dio Bizkaiko Aldundiari herrialdeko erabiltzaileentzat «lehenbailehen» ezar dezala 30 euroko gastu-muga. 

Ohar baten bitartez EH Bilduk gogoratu duenez, 2017ko urtarrilaren 1etik bizkaitarrek 30 ordaintzen dituzte gehienez Supersur delakoaren, AP-8arne eta Artxandako tuneletako bidesarietan. Horiek guztiak Bizkaiko Aldundiaren eskuduntzakoak dira. 

Koalizioak azpimarratu du hobari horretatik kanpo gelditu zirela AP-68 autobidea erabiltzen duten bizkaitarrak, «Hego Uribeko herritarrek erabiltzen dutena, alegia». 

«Agerian geratu da Hego Uribeko herritarrek beste bizkaitarrek baino eskubide gutxiago dituztela autopistak erabiltzeko orduan», adierazi dute. 

Era berean, EH Bilduk gogoratu du bidesarietako muga ezarri zen unean, AP-68a erabiltzen duten bizkaitarrei ere hobariak emateko ekimenak abiatu zituela erakunde desberdinetan eta 2017an EAJk «ezezko borobila» eman zuen. 

Orain, eskuduntza jasotzearekin batera aukera hori zabaltzen dela uste du koalizioak eta, hortaz, EH Bilduk berriro ere Hego Uribeko herritarrei «gainontzeko bizkaitarren eskubide berdinak bermatzeko exijituko dio Aldundiari».