Madrilgo Atleticori irabazi eta Erreginaren Kopa eskuarten dutela itzuli dira gaur Realeko jokalariak Donostiara.
Bart gauetik, «sufrituta gehiago baloratzen da lortutakoa» edota «emakumeek merezi genuen halako garaipen bat» bezalako hitzak entzun ditugu Realeko jokalarien ahoetatik, eta eguerdian zaletuak izan dira emakumeok emandako mailari oles egin diotenak.
«Egundoko irakaspena eman digute neskek» gisako baieztapenak nagusitzeaz batera, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari begirako iritziak ere eman dituzte askok. «Alabek ere futbolean jokatzen dute eta emakumeak ere urrun iritsi daitezkeela erakusten die honek» edota «emakumeentzat oso garrantzitsua da kirolean ere ereduak edukitzea», besteren artean.
Goizak aurrera egin ahala olde txuri-urdina handituz joan da Donostiako Alde Zahar eta erdigunean eta eguerdirako milaka pertsona batu dira Diputazio atarian. Realaren armarria zeraman bandera txuri-urdin erraldoi batek hartu du Diputazioko aurrealdea eta bertan egin diete lehen harrera ofiziala Markel Olano ahaldun nagusiak eta Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok.
Erakustaldia
Jokin Aperribay Realeko presidentea izan da Diputaziora iristen lehena, eta jokalariek «lan zoragarria» egin dutela baieztatu du. Beranduxeago iritsi dira, Zubietatik pasa ostean eta garaikurra eskuartean zekartela, Realeko neskak.
Harrera baino minutu batzuk lehenago, Granadako garaipenaz jardun da Olano: «Atzo Realak eta bere neskek egin zutena sinbolikoa da baina egunero jarraitu beharra daukagu lanean berdintasun erreal bat lortzeko», esan du. Ildo beretik, jokalariek egindako erakustaldia nabarmendu eta berdintasunaren aldeko hitzak izan ditu Itxasok eta, ostean, balkoira atera eta jokalariek garaikurra eta eskertza hitzak eskaini dizkiete plazan bildu diren milaka zaletuei.
Jauzi eta kantuen artean bat egin dute zaletuekin eta Realaren ereserkia eta ‘Txoriak txori’ abestu dituzte, besteren artan. Zaletu zein jokalari, bertan bildu direnetatik asko agertu dira hunkituta eta eure taldearengatik harro.
Diputazioko harreraren ostean, ordu erdiko atzerapenaren iritsi dira Donostiako udaletxera bigarren harrera jasotzera, eta arratsaldean Anoetan egingo zaie omenaldia.
Iritsi berri dira Realeko neskak udaletxera. Harrera egingo diete bertan eta balkoira aterako dira minutu gutxi barru pic.twitter.com/KMUoz9tKx4
— Aimar Etxeberria (@aimar_etxe) May 12, 2019
Behin Anoetan, ohorezko buelta egin dute txapeldunek, eta Reala eta Real Madrilen arteko neurketaren ostean jarraitu du festak estadioan. Ondo ospatuta geratu da, beraz, emakumezkoen taldearen lehenengo titulua.
Fiesta en Anoeta #txapeldunak pic.twitter.com/RHJtWx555T
— Imanol Intziarte (@imanolintziarte) 12 de mayo de 2019