NAIZ

Urrutikoetxearen atxiloketaren ondotik mobilizatzeko deia egin dute Sortuk, EH Baik eta LABek

Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaurko Sortuk eta EH Baik herrietan, eta larunbat arratsalderako manifestazioa Ugaon. LABek ere kalera ateratzeko deia egin du, «bakearen eta askatasunaren alde».

Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren ondotik agerraldia egin du Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek. Atxiloketa salatu du eta Urrutikoetxea «berehala» aske uzteko eskatu du; haren familia eta gertukoei elkartasuna adierazi die eta ugaotarra «bakearen aldeko erreferentzia nagusia» izan dela nabarmendu du.

«Operazio honek ez du gure herrian bake agertoki bat eraikitzen laguntzen. Josu Urrutikoetxea izan da bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat. Hain zuzen, berak jarri zion ahotsa ETA desegin zeneko agiriari. Beraz, bera dugu bakearen aldeko ekarpena egin zuenetako bat, ETAren indarkeria euskal politikagintzako ekuazio politikotik behin betirako atera zuenetako bat», esan du.

Sorturen iritziz, atxiloketa honek agerian utzi du «bakeak estatuetan etsai boteretsuak» dituela. 

«Bi estatuek gaurko atxiloketekin adierazten dute bakearen aldeko apustu horretan oztopo izaten jarraitzen dutela. Herri honetan bake oso, justu eta iraunkor bat oztopatzen jarraitzen dute. Euskal gizartearen nahirik eta desiorik handienari eraso egiten jarraitzen dute», salatu du.

ETA desagertu arren, estatuen «biolentziak indarrean» jarraitzen dutela esan du Rodriguezek; «azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako».

Sortuk dei egin die bi estatuei eta PSOEri «estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua» egin dezaten, eta «beren biolentziari behingoz uko egin diezaiotela». Horren ordez, bakearen aldeko apustua egin dezatela galdegin die, «demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde».

Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko, haren askatasuna exijitzeko eta bakearen aldeko «apustu irmoa» erakusteko kontzentrazioak deitu ditu gaur iluntzean herrietan, eta Ugaon manifestazioa larunbatean, 18.30ean, herriko plazatik abiatuta.

Elkarretaratzeak Baiona, Donibane Garazi eta Maulen

EH Baik ere elkarretaratzeak deitu ditu gaur arratsaldeko 19.00etarako Baionan, Suprefeturaren aurrean; Donibane Garazin, Herriko Etxearen aurrean, eta Maulen, Gurutze Xurian.

LAB

LABek ere kalera ateratzeko deia egin die langileei, «azken eraso honen aurrean bakea eta askatasunaren alde indarrak bildu eta erantzuteko».

Sindikatu abertzaleak «mendekua» ikusten du Urrutikoetxearen atxiloketan eta «gatazkaren konponbidearen inplikazioaren kontrako zigorra».

«Atxiloketa hauek berriz ere uzten dute agerian Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa, gaindituta egon beharko liratekeen bide errepresiboetan sakontzearekin tematuta jarraitzen duela erakusten baitu», salatu du.