NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko udal rokodromoei «boikota» egitera deitu dute: «Gatazka ez da konpondu»

Gasteizko Udalak rokodromoen inguruko auzia amaitutzat ematen duen arren, gatazka «inondik inora» konpondu ez dela nabarmendu du Eskalatzaileak Sutan kolektiboak. Horregatik, berrirekierarako Udalak planteatu dituen baldintzei ezezkoa adierazi eta boikota egiteko deia egin dute. 

Rokodromoen inguruko gatazka ez dela amaitu ohartarazi du Eskalatzaileak Sutan kolektiboak. (Endika PORTILLO/FOKU)
Rokodromoen inguruko gatazka ez dela amaitu ohartarazi du Eskalatzaileak Sutan kolektiboak. (Endika PORTILLO/FOKU)

Ohar baten bitartez, Eskalatzaileak Sutan kolektiboak gogoratu du hauteskunde kanpaina hasi zen egunean Gasteizko Udalak rokodromoen berrirekiera iragarri zuela, 10 hilabetez itxita egon ondoren. 

Gorka Urtaran buru duen Udalak gatazka amaitutzat eman badu ere, «inondik inora» bukatu ez dela azpimarratu dute, «rokodromoak irekiko diren baldintzak ikusita larriagotu egiten baita». 

Hiritarron beharrean pentsatu ordez, Udalak «interes partidistekin eta pribatizazioaren bidetik» jarraitu nahi duela arbuiatu dute. 

Zentzu horrretan, berrirekierarako planteatzen diren baldintzak aipatu dituzte, tartean ordutegiaren %40aren murrizketa, ikastaro desberdinen desagerpena, 3 kaleratze, prekarietatea...

«Hau ez da gure instalazio publikoentzat nahi dugun kudeaketa», nabarmendu dute eta, hortaz, zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena eskatu dute. 

Hori dela-eta, «baldintza hauetan» udal rokodromoei boikota egitera deitu dute. Era berean, langileei babesa adierazi diete eta ostiralean ESK sindikatuak deituta egingo den elkarretaratzean parte hartzeko gonbitea egin dute. Arratsaldeko 18.00etan jarri dute hitzordua, Salburuako Gizarte Etxean.