Asier ROBLES

Maite Ibarra: «Arrigorriagak aldaketa sakona behar du, bai forma zein mamian»

EH Bilduk garaipen garrantzitsua lortu du Arrigorriagan aurreko igandeko hauteskundeetan eta 500 boto gehiago lortu eta gero lehen indarra bilakatu da. Hala ere, EAJk 350 boto galdu dituen arren, koalizio soberanistaren zinegotzi kopuru bera lortu ditu, eta Arrigorriaga Gara, PSE eta No Adscritos Arrigorriaga kandidaturek alkatetza erabakiko dute.

Maite Ibarra, EH Bilduren Arrigorriagako alkategaia. (@ehbildubizkaia ).
Maite Ibarra, EH Bilduren Arrigorriagako alkategaia. (@ehbildubizkaia ).

EH Bildu boto gehien lortu dituen indarra izan da Arrigorriagan. 2015ean baino 500 boto gehiago lortu ditu, 2.133 izatera helduz. Boto kopuru honek beste zinegotzi bat eman dio, eta 6 izango ditu legegintzaldi honetan. Gainera, alkatetza lortzeko aukera izango du.

EAJk, lehenengo indarra izateari utzi dio 350 boto eta zinegotzi bat galduz. Baina hala ere, lortutako 1.913 botoek 6 zinegotzi eman dizkiote. Arrigorriaga Gara kandidatura hirugarren indarra izan da 712 boto eta 2 zinegotziekin. PSE laugarrena 691 boto eta 2 zinegotzirekin, eta No Adscritos Arrigorriaga kandidaturak bosgarrena 508 eta zinegotzi 1ekin. Horrenbestez, azken hiru horiek alkatetzan nor izango den erabakiko dute.

Maite Ibarrak, EH Bilduko alkategaiak, oso positiboki baloratu du lortutako emaitza, eta EAJ ez den beste alderdi batek irabazi izanaren balioa azpimarratu du, baita Abusun lehen indarra izatea ere. Alde batetik, azken urteetan Idoia Molina zinegotziak eta bere lan taldeak oposizioan egindako lana nabarmendu du. «Propositiboa izan da, kritika hutsean geratu beharrean gure alternatiba indartzen saiatu gara». Bestalde, aurtengo hautagaitzaren profila eta kanpaina nabarmendu du ere, «herrian nabaritu dugun aldaketa nahiarekin bat egin dugula uste du».

Ibarrak BILBOTARRAri azaldu dionez, kanpainan aldaketaren alde argi eta garbi egin duten hiru alderdiek, boto zein zinegotzi kopuruan, gehiengoa daukatela gogoratu du. Baina hala ere, Arrigorriagan «pedagogia politiko berri bat» behar dela uste du, «alderdien arteko harremanak beste parametro batzuetan eman behar direla, aurreiritzirik gabe, eta eskuzabal jokatuz». Horregatik alderdi guztiekin hitz egingo dutela adierazi du, «guztiekin herriak behar duen alternatiba eraikitzen saiatuz».

Koalizio soberanistaren alkategaiak Arrigorriagak aldaketa «sakona» behar duela adierazi du, «bai formetan zein mamian». «Beste kudeaketa eredu bat badagoela erakutsi nahi dugu, herritarrak, elkarteak eta auzotarrak erdigunean jarriko dituena. Lehenbailehen martxan jarri nahi genituzke herritarren parte hartzea bermatuko duten neurriak, batzorde zein udalbatzarren dinamika aldatuz, kontseilu irekiak sortuz...», azaldu du Ibarrak.

Lehen erabakia 2015ean alkateak bere buruari ezarri zion soldata igoera ezabatzea izango dela nabarmendu EH Bilduko hautagaiak.