Amaia U. LASAGABASTER

Hiru euskaldun munduko jokalari onenen artean

Nahikari Garcia, Irene Paredes eta Mariasun Quiñones gipuzkoarrak Frantzian lehiatuko dira Espainiako kamiseta defendatuz.

.
.

Selekziorik ez, zoritxarrez, baina euskal futbolak ordezkaritza behintzat izango du Munduko Txapelketan. Gipuzkoarrak dira, hain zuzen ere, Espainiako kamiseta jantzita munduko onenen artean arituko direnak.

Estreinakoz doa Mariasun Quiñones, Holandan izandako Europako Txapelketaren ondoren beste maila bat igoz. Espainiako behe mailekin dena jokatu (eta asko irabazi) eta gero, lehen txapelketa handia izango da Nahikari Garciarentzat. Irene Paredesek, berriz, bigarrenez ekingo dio esperientziari, 2015ean Kanadan izan baitzen.

Asko, izugarri, aldatu dira gauzak lau urte hauetan. Arlo guztietan, baita Espainiako selekzioan ere. Ipar Amerikatik itzultzean jokalariek mahai gainean emandako kolpeak ondorioak eragin zituen, gaur egungo taldeak eskertzen dituen ondorioak. «Bai, zorionez gauzak nabarmen hobetu dira», aitortzen du eboluzioa barrutik bizi izan duen Paredesek.

Kanpokoa ez da txikiagoa izan. Ikusi besterik ez dago zenbat kazetari, kamera eta mikrofono bildu diren taldeak azken asteotan Tafallan eta Madrilen egin dituen kontzentrazioetan. «Azken bi urteetan nabaritu dugu batez ere –dio legazpiarrak–, eta neurri handi batean telebistaren eragina dela uste dut. Jendeari gu ikusi eta ezagutzeko aukera eman zaio, engantxatzen doa, gehiago eskatzen du... Une onean egoteak, arrakastek, Munduko Txapelketa heltzeak... horrek guztiak ere laguntzen du». Mariasun Quiñones ere «harrituta» dago azkenaldi honetan ikusten ari denarekin. «Eta batez ere pozik. Guk Koparekin bereziki bizi izan dugu gorakada handi hori, baina orokorrean ere nabaritzen da. Hemen, lan saioa bukatu, eta pila bat komunikabide, haurrak sinaduren bila... Orain arte ez dugu horrelakorik ikusi, eta oso polita da, asko indartzen gaitu».

Noski, ez da soilik komunikabideen kontua izan. Jokalariek bultzatuta, klubek eta federazioek ere ipini dute euren aldetik, futbolarien lan baldintzak hobetuz. «Profesionaltasun gehiago dago –azpimarratu du Realeko atezainak–, ikusgarria da nola hobetu diren baliabideak. Horrek ahalbidetzen du gure dedikazioa, mentalitatea, prestakuntza, futbolera bakarrik bideratzea». Eta dena dago lotuta. «Gure maila igotzen bada, erakargarriagoa da zalearentzat. Eta zaleak engantxatzen badira, medio gehiago, diru gehiago dator, baldintzak gehiago hobetzen dira eta mailak berriro egiten du gora», dio Quiñonesek.

Maila pertsonalean ere, lau urte hauek ez dira nolanahikoak izan. Paredesek Liga bat irabazi du Athleticekin, PSGko jokalari garrantzitsuenetakoa bilakatu da, Frantzian Kopa bat irabazi du, Champions jokatzera ohitu da... Zer esan 2015ean Lehen Mailara ia heldu berriak ziren Realeko jokalari bien kasuan. «Sinestezina, bai –onartzen du Nahikarik–. Ni beti izan naiz anbiziotsua, beti izan ditut ametsak eta amets horiek egia bihurtzeko borrokatu naiz. Baina asmoek eta errealitateak beti ez dute bat egiten. Gure kasuan, zorionez, horrela izaten ari da».

Horregatik, beharbada, ez dio aldez aurretik mugarik jartzen Frantzian lor dezaketenari. «Zergatik? Ametsak eduki behar dira, beti –dio urnietarrak–. Adibide garbiena irabazi berri dugun Kopan daukagu. Argi daukat multzo zailean gaudela, Frantzian dauden talde guztiak zailak direla, horrelako txapelketetan akatsak garesti ordaintzen direla... Baina oso talde lehiakorra gara, ona, eta anbizio handikoa. Lan egin behar da, noski, baina amestu ere bai».

Baikor agertzen da Paredes ere, aurreko hitzorduak, Europako Txapelketak, zapore mingotsa utzi bazion ere ilusioz beteta heldu zen talde berberari. «Egia da. Primeran sailkatu ginen orduan ere, baina gero hara heldu eta ez genuen golik sartzen, ez genituen jokaldiak bukatzen... Eskubaloian bezalatsu, batera eta bestera, baina aukerarik sortu ez –azaldu du–. Baina buelta eman diogu, bertikalagoak gara. Gainera, uste dut inork ez duen gauza bat daukagula, gure futbola ulertzeko modua; tekniko eta taktikoki selekzio askoren gainetik gaude. Hori aprobetxatuta eta zorte pixka bat edukita, paper ona bete dezakegula uste dut». Ausardian egongo da gakoa, Quiñonesen ustez. «Holandan hori falta izan zitzaigun eta hori lantzen egon gara bi urte hauetan. Ausartagoak izan behar gara, gure gaitasuna zelaian islatzera ausartu behar gara».

Betiere –eta hirurak bat datoz–, «partidaz partida» topikoari eutsiz. «Talde hau edozeinen kontra lehiatzeko gai dela uste dut –esan du Nahikarik–. Baina lehenbizi Hegoafrikan, gero Alemanian eta gero Txinan ez bagara kontzentratzen, ezin izango dugu demostratu». «Helburu bakarra, gaur-gaurkoz, Hegoafrika gainditzea da –gaineratu du Paredesek–. Gaizki hasten bazara, urduritasuna sartu, eta gauzak konplikatu egiten dira. Helburu handiagoak lortzeko ezinbestekoa da partida bakoitzari merezi duen garrantzia ematea. Ezin dugu ahaztu inori ez diotela oparitu Frantzian egotea eta honelako txapelketetan sorpresak egoten direla. Saiatuko gara guk geuk ematen sorpresa onak».

 

Lucia Garciak ordezkatuko du Athletic

Athleticeko lau jokalari egon ziren Kanadako Munduko Txapelketan, baina errepikatuko duen bakarra Irene Paredes da, gaur egun PSGko futbolaria. Eli Ibarra erretiratu egin zen, eta 2015eko txapelketa zurrunbilotsu haren ondorioz Las Rozasera heldutako aldaketek, Jorge Vildak jokalari gazteagoen aldeko egindako apustuarekin batera, Ainhoa Tirapuren eta Erika Vazquezen nazioarteko ibilbideari amaiera eman zioten, Espainiako beste jokalari ospetsu batzuei gertatu zitzaien bezala.

Azken urteotan, talde zuri-gorriaren ordezkaritza nabarmenki murriztu da. 2016an Liga irabazteak ere ez zuen merezi izan Vildaren arreta. Eunate Arraiza da haren deia noizbehinka jaso duen bakarra.

Gauzak aldatzen hasi dira, hala ere, Athleticen bertan jokalari belaunaldi berriak sendotzen doazen heinean. Izan ere, Holandan orain dela bi urte antolatutako Europako Txapelketan ordezkaririk gabe geratu ondoren, Frantzian zuri-gorri bat arituko da. Lucia Garcia asturiarra, hain zuzen ere. Eta ez litzateke arraroa izango hurrengo deialdietan haren taldekide gehiago egotea, Munduko Txapelketaren aurreko azken lagunartekoak jokatzeko Vildak Damaris Egurrola eta Eunate Arraiza deitu dituela kontuan hartuta.

Bitartean, Reala da Frantzian ordezkatuta egongo den euskal talde bakarra, Holandan gertatu zen bezala. Minuturik eduki ez bazuen ere, Lola Gallardo eta Sandra Paños aurretik baitauzka hautatzailearen planetan, Mariasun Quiñones sartu zen orduan Espainiako deialdian. Oraingoan errepikatu eta taldekide batekin konpartituko du esperientzia, abuztuan Vildarekin debutatu ondoren, Nahikari Garciak zenbaki bat irabazi baitu haren deialdian. A.U.L.