NAIZ

Nafarroa Oinezeko abestia eta bideoklipa aurkeztu dute

‘Izan argi!’ lemapean, euskara eta auzolanerako gonbita uztartzen ditu aurtengo Nafarroa Oinezeko abestiak. Skatik abiatuta rap eta elektronikari keinu egiten dien kantu honen bideoklipa aurkeztu berri du Tuterako Argia ikastolak.

Argia Ikastolakoak gustura daude egindako lanarekin (Argia Ikastola)
Argia Ikastolakoak gustura daude egindako lanarekin (Argia Ikastola)

Tuterako Argia ikastolak du aurten Nafarroa Oinez antolatzearen ardura eta jada aurkeztu dituzte abestia eta bideoklipa. ‘Izan argi!’ lemapean, euskara eta auzolanerako gonbita uztartzen ditu abestiak, ska doinuetatik abiatuta elektronika eta rapari keinu eginez.

Aurkezpenean nabarmendu nahi izan dute iragan den urrian lekukoa hartu zutenetik hainbat ekimen eraman dituztela aurrera, kontzertuetatik hasi eta arte erakusketetaraino, eta bideokliparen aurkezpenaren unea «oso berezia» egin zaiela baieztatu dute, «gure goiburu eta logoarekin batera, abestia eta bideoklipa urte osoan zehar gure ikurrak izango baitira».

Halaber, bideoklipa osatzearen lana Argia ikastolaren hezkuntza komunitateko kideen esfortzuari esker burutu dela baieztatu dute, irakasle, langile, guraso, ikale ohi zein ikastolaren lagun direnak «eskuzabaltasunez, konpromisoz, auzolanean eta ilusioz» aritu baitira.

Erriberan egina

Izan ere, bideoklipa Blanca eta Arantza Aldanondok egin dute, Javi Perezek (gurasoa eta klarinete-jole profesionala) konposatu du abestia eta Saioa Crespo (ikasle ohia eta egun Argiako irakaslea) eta Ione Blanzado (ikasle ohia) ageri dira kantuan, hainbat musikariren laguntzaz.

Aurkezpenean zehar musika emanaldi ezberdinak (Crespo, Shinjiru, Dantzaro…) haurrentzat tailerrak eta abestiaren koreografia ikasteko saioak egin dira.

Nafarroa Oinez 2019 Tuteran ospatuko da urriaren 20an, eta bertatik lortutako baliabideak Argia ikastolari laguntzeko erabiliko dira.