NAIZ
BILBO

Ekainaren 17an Osakidetzako Lehen Arretan lanuztea deitu dute

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformarekin batera, ekainaren 17rako lanuztea deitu dute Osakidetzako Lehen Arretan.

Sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon. (ELA)
Sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon. (ELA)

Bilbon eginiko agerraldi batean, ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek gogoratu dute osasun zentroetako eguneroko jardueran pairatzen duten «egoera jasanezina» salatzeko, Lehen Arretako langileek bi greba egun egin dituztela jada.

Nolanahi ere, salatu dute Osakidetzak ez duela egoera konpontzeko «neurri zehatz bakar bat ere proposatu». Apirilaren 12tik Osakidetzak bi alditan deitu du mahai sektoriala eta bilera horiek, sindikatuen esanetan, «nahiko argigarriak izan dira: Osakidetzak ez du inongo asmorik epe laburrean Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko». «Osakidetzako plantilla desmobilizatu nahi du, besterik ez», azpimarratu dute.

Ekainaren 4rako deitutako mahaia ere «aldebakarrez eta arrazoirik eman gabe» bertan behera ere utzi zutela gaineratu dute. 

Egoera honen aurrean, eta udan egoerak «txarrera» egingo duela ohartarazi ondoren, aipatu sindikatuek, Lehen Arreta Arnasberrituz plataformarekin batera, ekainaren 17rako greba deialdia egin dute. Egun horretan, eguerdian, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera ere deitu dute.

«Egoera honi buelta emateko aukera bakarra mobilizazioa da», esan dute.

Langileez aparte, biztanleriari ere parte hartzeko deia egin diote, osasungintza publikoa eta Lehen Arreta aldarrikatu eta defendatzeko.