Euskal Herrian subiranotasunaz luze eta zabal hitz egin izan da eta hitz egiten da, gure herriarenaz, beste herrienaz eta subiranotasunaz, oro har, kontzeptu gisa. Ohiko hizketagaia da, baina berebiziko garrantzia duen arren, orain arte ez du beren-beregi berari zuzendutako ikasketarik izan... orain arte. Izan ere, EHUk «Subiranotasuna Europako Herrietan» masterra abiarazi du, esparru honetako gakoak ulertu eta jorratzeko.
Masterraren aurkezpena Bilbon egin zuten maiatzaren 16an, eta orduan hitza hartu zuten Onintza Odriozolak eta Julen Zabalo irakasleek GARAri azaldu diotenez, azken urteetan subiranotasunaren ildoan «aldaketa erabakigarriak gertatu dira», eta horiek azaltzeko eta Euskal Herrian zer eragin izango duten hausnartzeko, aurretik eskaintzen zuten «Euskal Nazionalismoa XXI. mendean» masterra moldatu dute.
Euskaraz emango da
EHUko irakasleen hitzetan, ikasleek «gaiaren ikuspegi globala» jasoko dute, hainbat esparrutatik begiratuta, eta helburu orokorraz gain, masterrak «interes profesional argia dauka»; besteak beste, eskubideak, bakea, migrazioak, herritartasuna, Europa eta halako gaiak jorratuko baitira, denak gaurkotasun handikoak eta Euskal Herriko zein Europako erakunde eta enpresa askoren lan-ildoak direnak. Horrekin batera, masterraren bereizgarria euskaraz eskainiko dela da, ez baitago aukera handirik horrelako masterrak euskaraz jasotzeko.
Ikasgaian sakondu dezaten eskatuta, Zabalok eta Odriozolak nabarmendu dute subiranotasuna ulertzeko modua «globalizazioak, informazioaren garrantzi berriak eta demokrazia kontzeptuaren zabalpenak» ekarri dutela, eta lehen subiranotasuna «nazio-estatuari loturik» ulertzen genuen bitartean orain «botere hori alde askotatik erasotua» izaten ari dela. «Bi mutur ipintzearren, botere ekonomikoek eragin handiagoa dute estatuetan, baina norbanakoek ere subiranotasun pertsonal handiagoa exijitzen dute, eta, adibidez, elikaduraz zeresana badutela esaten dute».
Ildo horretatik, hori guztia maila politikora eramanez gero, Odriozolak eta Zabalok aipatzen dute gaur egun «nazio-estatu kontzeptu klasikotik at, subiranotasuna demokratizatu behar dela» esaten dela. «Herritarrek garrantzi handiagoa hartu behar dutela esaten da, etorkizun politikoan eragiteko eta erabakitzeko eskubidea berenganatu behar dutela». Eta, alde horretatik, azpimarratu dute estatu bihurtu ez diren Europako hainbat herrik ere «subiranotasun maila gorena» aldarrikatzen dutela, «beste estatuen pare».
Pausoak prestatu eta neurtu
Aldarrikapen hori egiten duen edo egin dezakeen herrietako bat gurea da, jakina denez. Eta egungo testuinguruan Euskal Herria zenbateraino izan daitekeen burujabe galdetuta, EHUko irakasleek erantzuten dute «burujabetzaz, maila askotan» hitz egin daitekeela. «Maila batzuk pertsonalagoak eta egingarriagoak dira besteak baino. Aurreko adibidea jarrita, elikadura burujabetza erabaki pertsonala izan daiteke, edo talde batean hartzen den erabakia, edo instituzio edo erakunde batean, eta estatura hel daiteke horrela. Horiek hala, burujabetza esparru handiak lor litezke lehenengo maila horietan, eta txikiagoak zenbat eta gorago joanda». Eta hausnarketa arlo politikora eramanda, hots, estatu-egiturez hitz egiten hasita, gugandik oso hurbil ditugun «bi adibide interesgarri» aipatu dituzte: Eskozia eta Katalunia, alegia. «Modu batean zein bestean, biek argi utzi dute pauso handi eta eraginkorrak eman daitezkeela, eta ezinbestekoa dela pauso horiek ondo prestatzea eta neurtzea».
«Gure masterrak horretan eragin nahi luke», gaineratu dute bi irakasleek. Horretarako, ate berria ireki du EHUk; hori igarotzea interesa duten ikasleen zeregina izango da.