NAIZ

Egin Dezagun Topa! neska* gazteen topaketak eginen dituzte Lizarran

Urriaren 4an eta 5ean izanen dira Egin Dezagun Topa! neska* gazteen topaketak, Lizarran. Ostiralean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako aurkezpenetan jakinarazi zutenez, helburu nagusia azaroan eginen diren Euskal Herriko bosgarren Jardunaldi Feministei «begirada eta bihotz propioz» heltzea izanen da.

Egin Dezagun Topa! neska* gazteen topaketaren lau aurkezpenetako bat. (Egin Dezagun Topa!)
Egin Dezagun Topa! neska* gazteen topaketaren lau aurkezpenetako bat. (Egin Dezagun Topa!)

«Herri eta eskualdeak saretu eta hausnarketa eta eztabaida kolektiboz uda bustitzera goaz!», iragarri zuten ostiralean Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian bildu ziren gazteek. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aurkeztu zituzten Egin Dezagun Topa! neska* gazteen topaketak.

Topatu.eus-en jasotzen denez, azaroaren 1etik 3ra Durangon eginen diren Euskal Herriko bosgarren Jardunaldi Feministetara «begirada eta bihotz propioz» joatea da topaketen asmoa. Neska gazteen artean «saretu eta indartzea, jardunaldietara elkarrekin joatea, azken urteetako ibilbideei begiratzea, autodefentsa feministaren inguruan hausnartzea, hezkuntzaren inguruan, sare sozialen inguruan, militantzia ereduaren inguruan, mugimendu feministaren subjektu politikoaren inguruan...». Hala, Euskal Herriko mugimendu feministak dituen erronkei ikuspegi propioz heldu nahi diete.

Datozen hilabeteetan herri eta auzoetan aurrera eramateko prozesu parte-hartzailea jarriko dute martxan; elkar ezagutu, saretu eta hainbat eduki lantzeko. Horretarako baliabideak zabalduko dituzte, besteak beste, eztabaidarako dossier bat.

Topaketen antolakuntzan parte hartzeko deia luzatu zuten, eta helbide elektroniko bat eman zuten harremanetan jartzeko (neskagazteak.saldabadago@gmail.com).