Amalur ARTOLA

Osasun arloko profesionalek babesa adierazi diete 11/13 sumarioko auzipetuei

Jaiki Hadi presoen osasun arretarako elkarteko hainbat profesionalek babesa adierazi diete 11/13 sumarioaren itzalpean irailean epaitu behar dituzten 47 euskal herritarrei. Bereziki gogoan izan dituzte Fernando Arburua eta Oihane Barrios elkartekideak.

Osasun arloko profesionalak, komunikatuaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Osasun arloko profesionalak, komunikatuaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Jaiki Hadi elkartea osatzen duten berrehun profesionalek, tartean psikologoak, erizainak, medikuak eta odontologoak, babesa adierazi diete irailean Auzitegi Nazional espainolean epaitu behar dituzten 47 euskal herritarrei. Elkarteko 30 kide inguru batu dira Hernanin egin duten prentsaurrean eta, guztien izenean, Maritxu Jimenez psikologoak eta Javier Hernando sendagileak hartu dute hitza, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren.

Osasun arloko profesionalek afera honetan ardurarik badutela sinetsita bildu direla azaldu dute. «Bereziki ukitzen gaitu zuzenean, osasun eskubideak urratzen dituelako; hemen gauden guztiok presoen osasun arretan gabiltza lanean», argudiatu dute, eta «bereziki hunkituta eta minduta» agertu dira elkartekide dituzten Fernando Arburua eta Oihane Barriosen auzipetzea dela-eta. «Pentsatzen dugu hemen gaudenok ere helburu posiblea izan gintezkeela», ziurtatu du Hernandok, auzipetzeen arbitrariotasuna agerian utziz. «Sentitzen dugu eta pentsatzen dugu hauen lana kriminalizatu nahi dutela», gaineratu du Jimenezek.

Sumario honen irekitzearekin batera preso ororen osasun eskubideak urratzen direla ere zehaztu nahi izan dute. «Kasu honetan beraien asistentzia psikologikoan bereziki eragin zuzena izan du. Gure esperientziaren arabera, espetxeak ez du sendatzen, kontrakoa baizik: gaitzak piztu eta askotan larriagotu egiten ditu», adierazi dute.

Osasun arreta prekarioa

Gogora ekarri dute gaur egun 21 preso osasun egoera larrian daudela eta bereziki gogoan izan dute Txus Martinen kasua, zeina pairatzen duen gaixotasun psikikoaz gainera «bihotz ebakuntza arriskutsu bat» egin berritan den. Egoeraren larritasuna agerikoa izanda ere, egun oraindik espetxean dagoela salatu dute. 

Gaixotasun psikiko «larri eta arriskutsua» duen Kepa Arronategi eta berriki publiko egin den Jose Angel Otxoa de Eriberen osasun egoerak ere aipatu nahi izan dituzte. Bigarrenak prostatako minbizia du eta hezurretako metastasia duela jakin berri da. «Bere gaitzaren azken fasean ezarri du horrek, baina oraindik ere espetxean dago», gaitzetsi dute.

Ez dituzte aipatu gabe utzi nahi izan euren osasun egoeraren larritasuna tarteko espetxetik atera diren Ibon Iparragirre, Asier Aginako eta Aitzol Gogorza. Horien osasun asistentzian zebiltzala Jaiki Hadiko kideak hainbat eskubide urraketaren lekuko izan direla zehaztu dute, besteak beste «terapia antiterapeutikoak» eta bakartzeak aipatu dituzte eta salatu dute «segurtasunaren printzipioaren lehentasuna osasunaren asistentziaren gainetik» jarri dela hainbatetan.

«Egoera honen lekukoak neutralizatu nahi izan dituzte auzi honekin», ziurtatu dute, eta epaiketak ez hankarik eta ez bururik ez duela ebatzita, auzipetuak «kriminalizatzeko ahalegina eta eskubide urraketa saio hau irmoki salatu» nahi dutela ziurtatu dute.

Prentsaurrea amaitu aurretik, auzipetuei euren elkartasun osoa helarazi nahi izan diete.