naiz

‘Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?’ gidaliburu berritua argitaratu du Lakuak

Lakuak berriz argitaratu du ‘Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?’ gidaliburua, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta. Gidaren 100.000 ale kaleratuko dira, euskara, gaztelera, frantsesa, arabiera, portugesa, errumaniarra eta braille lengoaiara egokituta. Era guztietako indarkeriaren biktima diren emakumeei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta baliabideak azaltzen dira dokumentuan

Mobilizazioa Bilbon biolentzia matxistaren aurka. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Mobilizazioa Bilbon biolentzia matxistaren aurka. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Beatriz Artolazabal, Lakuako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Javier Bikandi, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariak, eta Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordeak aurkeztu dute gida, astelehen honetan, Gasteizen.

Hain zuzen, bi gidaliburu aurkeztu dituzte: bat hizkera argian idatzia, eta bestea, oraindik sinpleagoa, irakurketa errazekoa. Biek, baina bereziki lehenengoak, logotipoak eta piktogramak dituzte oraindik irisgarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezen.

Artolazabalek azaldu du gidaliburua «aurrerapauso handia» dela 2015ean argitaratutakoaren aldean, ahalik eta informaziorik zehatzena ematen duen aldetik, «indarkeria jasaten duten emakumeentzat irisgarriagoak izateko» ahaleginean. Helburu nagusia da gidaliburua erreminta «guztiz baliagarria» izatea herritarrentzat. «Indarkeria jasaten duten emakumeak askotan babesgabe sentitzen dira, nora jo jakin gabe. Euskal administrazioek emakume horiei arreta erraz eta antolatuta emateko jada abian dituzten baliabideak laburbiltzen dira gidaliburu honetan», adierazi du.

Lakua hil honetan hasiko da gidaliburuaren 100.000 ale banatzen emakumeek eskura ditzaketen lekuetan, esaterako, ertzain etxeetan, hiriburuetako eta Barakaldoko justizia auzitegietako biktimak artatzeko zerbitzuen egoitzetan, Lanbideren bulegoetan, oinarrizko gizarte zerbitzuen egoitzetan, osasun zentroetan, Emakundeko bulegoetan, emakumeen elkarteen eta genero indarkeriaren aurkako elkarteen ordezkaritzetan, prostituzioan aritzen diren emakumeen eta emakume atzerritarren elkarteetan, immigrazioaren aldeko elkarteetan edota ONCEren egoitzetan (Braille formatuan).

100.000 aleen artetik, 75.000 hizkera argian eta 25.000 irakurketa errazean daude. Lehenengoen 50.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira, 20.000 frantsesez eta arabieraz, eta beste 5.000 errumanieraz eta portugaleraz. Irakurketa errazeko liburuxkei dagokienez, 15.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira, 8.000 frantsesez eta arabieraz eta 2.000 portugaleraz eta errumanieraz.

Bi egokitzapenak kolore ezberdinetan inprimatu dira, laranjaz eta arrosez hizkuntza argikoa, eta urdinez eta berdez irakurketa errazekoa, errazago identifikatu ahal izan daitezen. Gidaliburuaren bertsio guztiak www.euskadi.eus webgunera ere igoko da formatu digitalean.