Maite UBIRIA
BAIONA

Gizarte zibila eta hautetsien arteko elkarlana bultzatuko du Garapen Kontseiluko lehendakari berriak

Iragan martxoan Caroline Phillipsek dimisioa eman ondotik presidentearen funtzioa bete zuen behin-behinean Phillipe Maytek. Hemendik aurrera, ordea, lemazain berria izanen du Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak. Seaskako lehendakaria izan den Paxkal Indo hautatu baitute 25 urte bete duen egitura horren gidaritza hartzeko. Gizarte zibilaren ahotsa entzunaraziz erakundetako eremuan lurraldeko anbizioak islatzeko lan egiteko engaiamendua hartu du Indok. Lehendakaria hautatzearekin batera, murgiltze ereduaren aldeko mozioa bozkatu zuen elkarteak.

Paxkal Indo, eskuinean, Garapen Kontseiluko presidente berria. (Bob EDME)
Paxkal Indo, eskuinean, Garapen Kontseiluko presidente berria. (Bob EDME)

Bulego berria ontzat ematearekin batera, lehendakari berria hautatzeko bozketa egin zuten, atzo arratsaldean, Lehuntzeko Errobi-Aturri lurralde poloan.

Ikasturte bukaerarekin Seaskako presidentetza utzi duen Paxkal Indo izan zen boto gehien jaso zuen hautagaia. 29 orotara. Enpresaren eremutik datorren Xabi Harispek (Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbaran hautatua, La Republique en Marche alderdian engaiatu da) 12 boto eskuratu zituen.

Martxoan, Caroline Phillipsek presidente izateari utzi zion eta berarekin Françoise Pautrizel diruzaina eta haren laguntzaile Isabelle Charritonek ere kargua utzi zuten.

Zuzendaritza berriak azken hilabetetan izandako gorabeherak atzera utzi eta ibilbide berria finkatu beharko du, besteak beste Euskal Elkargoarekin harremanak gogoetatuz. Hala adierazi du Indok, denok batera aurrera egiteko deia eginez.

Euskarazko hezkuntzaren aldeko mozioa

Zuzendaritza berritzearekin batera, etorkizunari buruzko engaimendua hartu zuen Garapen Kontseiluak. Era berean, frantses gobernuak euskarazko hezkuntzaren aurka hartu duen norabidetik argiki aldenduz, ama eskolan, berdin zein sarean, murgiltze eredua bermatu behar dela galdetzen duen mozioa onartu zuen kontseiluak.

Bai ordutegi bai baliabideen aldetik euskarazko hezkuntzaren aldeko bultzada eskatzeaz gain, gutxitutako hizkuntzak babestuko dituen lege estatus berezitua eskatzen du adierazpen horretan Garapen Kontseiluak.