naiz

Brebeta osorik euskaraz egitea aldarrikatuko dute bihar Ziburu, Lartzabale eta Kanbon

Frantziar Hezkuntza Ministeritzak ez du onartu Ziburuko Piarres Larzabal, Kanboko Xalbador, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 188 ikasleek, eta Etxepare Lizeoko bost ikasleek brebetako Zientzietako azterketa euskaraz egitea. Elkarretaratzeak eginen dituzte bihar, Ziburu, Lartzabale eta Kanbon Brebeta osorik euskaraz izan dadin.

Historia eta matematikak bezala, brebetako zientzietako froga euskaraz pasatu ahal izatea galdegin dute manifestariek. (Iurre BIDEGAIN)
Historia eta matematikak bezala, brebetako zientzietako froga euskaraz pasatu ahal izatea galdegin dute manifestariek. (Iurre BIDEGAIN)

Kolegioen erreforma dela-eta, brebeta osorik euskaraz izatea kolokan jarri du frantziar Hezkuntza Ministeritzak. Azken hiru hamarkadetan hala bazen ere, Zientzien azterketa gehitu zen 2017 ekainean lehen aldiz eta azterketa hori frantsesez egitea nahi du Jean-Michel Blanquer ministroak. «Ikasgaiak ikasitako hizkuntzan aztertuak izan daitezen eskubide bat da», defendatu du Seaskak ohar baten bidez.

Gogora ekarri dutenez, 2018an «Ministerioaren aginduz zientzietako gure 179 ikasleen kopiak bahituak izan ziren, ez zitzaten zuzentzaile euskaldunek zuzendu». Azkenean, zientzietako irakasle frantsesek zuzendu zituzten euskarazko kopiak, «zuzenketa zifra eta grafikoetara mugatuz».

Aurten ere, 193 ikasleek eta familiek azterketa horiek euskaraz egiteko xedea dute, nahiz eta jakin ez direla zuzenduak izanen. «Azpimarratzekoa da gaur egun Ipar Euskal Herrian diren 28 kolegio publiko eta pribatuetatik Zientziak edo biologia kurtsoak euskaraz emaiten direla kolegioen erdietan, beraz euskaraz edo frantsesez egiteko hautua izatea, geroz eta kolegio gehiagoren eskaria dela. Hizkuntza politikan aitzinatuz segitu behar dugu, ez gibelazka», gaineratu dute.

Era berean, hurrengo urtetik aurrera «Baxoaren erreforma dela eta lehen aldiz Baxoan zientziak ere euskaraz egin ahalko direla» nabarmendu dute. «Ez du neholako zentzurik brebetako zientziak euskaraz egiteko paradarik ez izateak».

Egoera honen aurrean, hiru kolegioek elkarretaratze deia egin dute biharko: Xalbador kolegioaren aitzinean 11.15ean, 12.00etan Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren aurrean eta Piarres Larzabal kolegioan 12.45ean. «Ez, Euskara ez da etxerako mugatua den hizkuntza bat. Bai gaur egun onartua da irakaskuntzarako hizkuntza dela eta Hezkuntza Ministeritzak ez du oraindik barneratu azterketarako erabilti daitekeen hizkuntza dela», gehitu dute.