NAIZ

«Harrotasuna» agertu du Irungo Alarde parekideak, inoizko parte hartzerik handienaren ondoren

Jose Antonio Santano Irungo alkateak harrera egin ez izana gogor salatu eta  «XXI. mendean erabat lekuz kanpo dagoen mespretxu keinua» dela salatu du Alarde parekidea antolatzen duen Juntak bere balorazioan.

Inoizko parte hartzerik handiena izan du Alarde parekideak. (Jon URBE/FOKU)
Inoizko parte hartzerik handiena izan du Alarde parekideak. (Jon URBE/FOKU)

Inoizko parte hartzerik handiena izan duen Irungo Alarde parekidearen ondoren «harrotasuna» erakutsi du Alarde hau antolatzen duen Juntak. Aurtengoa, «inoizko jendetzaz, gogoz eta alaitasunez» ospatu dela nabarmendu du prentsari igorritako balorazioan. Bide batez, «eskerrik beroenak» helarazi nahi izan dizkie ere espaloi eta balkoietatik alarde parekidea babesten duten guztiei. Hauek ere, urtetik urtera gero eta gehiago direla eman dute aditzera, «eta, gero eta adoretsuagoak», gehitu dute.

Emakumeak eta gizonak onartzen dituen jai honek eskerrak eman dizkie Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arartekoari, «haien diru-laguntzaz eta babes esplizituaz ahalbidetzen dutelako Alardea». Era berean, pasa den ekainaren 30ean Irunera hurbildu ziren alderdi politiko eta ordezkarientzat ere esker hitzak izan dituzte. Udaletxeko balkoian EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek egin zieten harrera.

Tamalez, ezin dute berdina esan Irungo hiriko agintari gorena den PSEko Jose Antonio Santano alkatearen inguruan. Hark muzin egin baitzion, beste urte batez, 1.700 irundar baino gehiago biltzen dituen Alarde parekide eta inklusiboari harrera egiteari. Alarde Publikoaren Juntaren iritziz, «XXI. mendean erabat lekuz kanpo dagoen mespretxu keinua» da alkateak egindakoa.

Alarde parekidea gorantz doan joera dela argi du Juntak. «Aspaldiko urteotan Alardearen hazkundea handitu egin da, urtetik urtera gehiago baitira lehen aldiz gurean parte hartzen dutenak. Ehunka lagun konturatu dira hauxe dela etorkizuneko Alardea, esperientzia paregabea pozez partekatu dezaketelako alabekin, bikotekidearekin, bilobekin», diote oharrean.