Ion SALGADO
GASTEIZ
Elkarrizketa
IRAITZ PEREZ DE GOLDARAZENA
OREKA IT ENPRESAKO ZUZENDARI NAGUSIA

«Gure helburua ez da enpresak informatizatzea, lehiakortasuna baizik»

Iraitz Perez de Goldarazena Oreka IT enpresako zuzendari nagusia da. Duela hamar urte sortutako aholkularitza zerbitzu honen egoitza Gasteizen dago, eta bulego berri bat ireki dute Iruñean. SAP teknologian adituak dira eta enpresetan ERP eta Business Intelligence sistemak ezartzen dituzte.

Zer da SAP teknologia?

SAP berez Europan dagoen software enpresa handiena da. Alemanian jaio zen 70eko hamarkadan eta betidanik enpresen kudeaketa hobetzera bideratuta dagoen enpresa bat da. Hasiera batean, enpresetan zegoen informazio guztia integratu nahian lan egiten zuen, eraginkortasuna hobetzeko, eta gaur egun enpresen kudeaketa prozesu nabarienez aparte, gauza handiagoak egiten ditu, informazio analisiak, bezero eta hornitzaileen kudeaketa...

Duela hamar urte sortu zen Oreka IT. Nola jaio zen?

Oreka IT sortu zen ikuspuntu bateratua genuen hiru pertsona elkartu ginelako. Hirurak informatika enpresa batean lanean geunden eta ikusten genuen lan egiteko modua eta kultura asko aldatu beharra zegoela. Ikusten genituen gauza batzuk ez zirenak bideragarriak, ez bezeroentzat ez aholkulari bezala lan egiten genuen pertsonentzat, oso agresiboa delako. Jardunaldi luzeak egin behar dituzulako, bidaia asko egin behar direlako, presioa jasan behar da... Eta egoera horren aurrean gu beste gauza berezi bat egiten saiatu ginen, aholkularitza sortu genuen, gu bokaziozko aholkulari ginelako, baina aipatutako praktika txar horiek ahalik eta gehien murrizten. Sortu nahi genuen aholkularitza bat Euskal Herriari oso errotua, epe luzera pentsatuko zuena bezeroengan eta ez mozkinak epe motzera ateratzean, eta zainduko zuena langileen egoera, guk ezin dugulako epe luzerako zerbitzu bat eskaini enpresari txandatze tasa handia izanez gero. Saiatu ginen ezberdintasun horiek oinarri izango zituen aholkularitza sortzen, eta ordutik hamar urte igaro dira.

Zer nolako hazkundea izan du urte hauetan?

Imajinatu, 2009. urtean 200.000 euro fakturatzen genituen eta joan den urtean 2 milioitik gora fakturatu ditugu. Hazkundea ez da lineala izan, noski, izan ditugu gorabeherak, ez gara irla bat. Baina pairatu dugun krisiak onura izan du guretzat zentzu batean, diru gutxiagorekin gauza gehiago eskatzen zituztelako enpresek eta Oreka prestatuta zegoen zerbitzu lehiakor bat emateko, baina egia da ere egon den inbertsioa IT kontuetan murriztu egin dela krisi garaian.

Orain eraldaketa digitalaren atarian gaude, eta badirudi enpresak inbertsioak egingo dituztela, eta tendentzia horiek markatzen dute Orekaren joera. Inbertsioa egiten denean informatikan guk normalean gora egiten dugu, eta inbertsio hori murrizten denean behera egiten dugu.

Eraldaketa digitalaren atarian gaudela diozu.

Bai. Orain asko hitz egiten da horri buruz, eta badirudi eraldaketa digitala egin behar dela bogan dagoelako. Industria 4.0ri buruz hitz egiten dugu, baina hori marketin kontzeptu bat da. Honen benetako gakoa da gaur egun teknologia dagoela datu bolumen izugarria kudeatu ahal izateko, duela urte batzuk existitzen ez zena.

Gaur egun negozio prozesu handiak, duela urte batzuk bi eguneko prozesua behar zutenak eta ezin zirenak online bidez egin, egin ahal ditugu online bidez eta enpresek aldagai gehiago gehitu dituzte prozesu horietan. Enpresa digitalizatuetan ia-ia guztia sentsorizatzen da, faktorian dagoen tenperatura, makinen bibrazioak, piezen kopurua, biltegien egoera... guztia sentsorizatzen da, eta horrek izugarrizko informazio bolumena ematen du, eta gaur egungo teknologia gai da hori kudeatzeko.

Zer eskaintzen diezue zuen bezeroei?

Gure zerbitzuak bi hanka ditu. Gure lantaldean, alde batetik, aholkulari teknikoak ditugu, profil tekniko konkretua dutenak, hauek informatikariak edo matematikariak izaten dira, eta teknologiari buruz asko dakiten pertsonak dira. Eta gero baditugu beste aholkulari mota batzuk, enpresen antolakuntzan ingeniariak edo administrazio formakuntza dutenak. Hauek negozioari buruz asko dakite. Bi ezagupen horiek, edo bi mundu horiek, enpresa eta informatika uztartzetik jaio zen Orekak ematen duen zerbitzua. Dena den, teknologiari beti zentzu bat eman behar zaio, ulertu behar da enpresak egiten duena, eta hausnartu behar da enpresa horren prozesua non hobe daitekeen, eta nola lagundu dezakeen teknologiak.

Eta hori da Orekak lortu behar duena, gure helburua ez da enpresa bat informatizatzea, helburua lehiakortasuna da. Gure lana da enpresei teknologiaren bitartez lehiakorragoak izaten laguntzea, ez bakarrik enpresa handiei, enpresa txiki eta ertainei ere bai.

Oso sektore lehiakor bat eta beti bogan dagoena kontu hauetan automobilgintza da, eta automobilgintzan bi erraldoi ditugu Euskal Herrian, Mercedes eta Volkswagen.

Ekainean egin zenuten jardunaldian Mercedeseko ordezkari bat egon zen, ezta?

Bai, Mercedeseko ordezkari bat eta Mercedesen hornitzaile diren enpresetako ordezkariak. Gu jaio orduko Mercedesen hornitzaile bilakatu ginen eta hamar urte daramatzagu berarekin lan egiten. Momentu honetan Orekaren bezero garrantzitsua da eta Volkswagenekin lan egin nahiko genuke, autogintza sektorea oso garrantzitsua da-eta.

Zer gogoeta egin ziren?

Jardunaldia 2025. urteari begira antolatu genuen. SAP teknologiarekin lan egiten duten enpresentzat urte hori oso garrantzitsua da, SAPek iragarri duelako 2015ean ERP tradizionalari utziko diola zerbitzua ematen, eta horrek esan nahi du SAP erabiltzen duten enpresa guztiak 2025. urtean ERP berri batean egon behar direla, SAPen soluzio berriak erabili behar dituztela eraldaketa digitalari begira.

Urte horretan jauzi hori ematen ez duena euskarritik kanpo geratuko da. Enpresen artean kezka bat sortu da, ea nola eman behar duten jauzi hori, eta zelako inbertsioak egin behar diren kalkulatu nahi dute, eta enpresa handien hornitzaileentzat inportantea da nola egingo duten jakitea.

Bestetik, ezaguna da euskararen alde egin duzuen apustua.

Ni Bai Euskarari Ziurtagiriaren Zuzendaritza Batzordean nago enpresaren ordezkapenean. Araban erreferente bihurtu gara eta Aenkomer elkarteak sari bat eman digu euskararen sustapena bultzatzeagatik. Guk hizkuntzaren normalizazioa lortu nahi dugu, eta gure langileen batez besteko adina 34 urtekoa da. Guretzat euskararen erabilera normala da, eta anormala dena da gazteek enpresa batera heltzean euskara ez erabiltzea. Hemen euskarari normaltasun bat emateko lan egin dugu, gure ustez lehiakortasun palanka bat delako, eta bezero batzuek baloratzen dute harremana euskaraz izatea.