Taldekako erlojupekoaren ostean zailago jarri zitzaion arren, Julian Alaphilippek hirugarren etapan lortu du Tourrean horiz janztearen ametsa Epernayn amaitu den etapan. Teunissen liderrak ezin izan du onenen erritmoa jarraitu eta gainsariei esker, pelotoi nagusiari 26 segundotako aldea atera dion Deceuninckeko txirrindulariak maillot horia jantzi du.
Alaphilipperen garaipenak ez du inor ezustean harrapatu, ibilbidea ikusita bera zelako faborito nagusia, bai ordea, bere Tourreko hirugarren garaipena lortu duen moduak. Izan ere, azkeneko muinoraino itxaron gabe, eguneko azken mendatean, helmugatik 16,5 kilometrotara eraso bortitz bat jo du eta gainontzeko faboritoek ez dute bere atzetik joateko imintziorik ere egin.
Eguneko ihesaldi nagusitik geratzen zen Tim Wellens izan da azken mendate puntuagarri horretan Alaphilipperengandik gertuen ibili dena, baina azken 16 kilometroak bakar bakarrik egin ditu Decenuninckekoak eta gainontzeko hautagaiek ezin izan diote apenas alderik kendu.
Sailkapen nagusirako borrokan arituko diren txirrindularien artean, nabarmentzekoa da bere dohainetara ondoegi moldatzen ez zen ibilbidean Mikel Landak bere burua erakutsi duela Woods, Schachmann eta Lutsenkorekin batera Alaphilipperen atzetik mugitu denean, nahiz eta azkenean ez duen batere alderik murriztu. Are gehiago, amaierako muinoan pelotoia bitan hautsi da eta Thibaut Pinot eta Egan Bernalek bost segundo kendu dizkiete gainontzeko faboritoei.