Haritz Larrañaga
IRUN

Egitarau oparoa aurkeztu du G7 EZ plataformak

Abuztuan Biarritzen egingo den G7 gailurrak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, «beste mundu bat posible» dela aldarrikatuko dute datozen asteetan G7 EZ plataforma osatzen duten eragile anitzek. «Euskal Herritik beste mundu bat sortzen» kanpainaren baitan mobilizazio eta ekitaldi andana iragarri dituzte.

G7 EZ plataformako ordezkariak Ficoban eskaini duten prentsaurrekoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
G7 EZ plataformako ordezkariak Ficoban eskaini duten prentsaurrekoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Iazko azaroan sortu zen G7 gailurraren kontrako mugimendua eta ordutik hasi baino ez da egin. Horren adierazle izan da gaur goizean Irungo Ficoba erakustazokan G7 EZ plataformak egin duen agerraldia. Egun plataforma osatzen duten 49 elkarte, sindikatu eta mugimendu politikoetako ordezkariek «atxikimendu gehiago biltzeko asmoa» dutela iragarri dute, «ez soilik Euskal Herrian, baita Estatu frantsesean eta mundu mailan ere».

Hiru hizkuntzetan eskaini duten prentsaurrekoan G7 gailurraren kontra egiteko hiru arrazoi nagusi nabarmendu dituzte: G7ko ordezkaritzak sinbolizatzen duen mendebaldeko potentzien nagusitasuna, egun munduak bizi duen egoera larriaren erantzule zuzen izatearen ardura eta, azkenik, gailurra Euskal Herrian izateak duen berezitasuna ere azpimarratu dute.

Gailurrak suposatuko duen diru xahuketa «gehiegizkoa» eta okupazio poliziala ere gaitzetsi dituzte, eta zentzu horretan, hiritarrak haien desadostasuna agertzera deitu dituzte.

Aurelie Trouve Alternative G7 Estatu frantseseko plataformako ordezkariak azaldu duenez, «G7 gailurra mundu mailako oligarkiak antolatzen duen propaganda ekimen bat da eta Macron presidentea estrategia komunikatibo horretaz baliatzen da».

Ordea, kontragailurrak proposamen eta alternatiba berriak garatzeko aukera ere eskaintzen duela adierazi dute, eta zentzu horretan hiru helburu nagusi finkatu dituzte: G7 gailurrak ordezkatzen duen kapitalismo ereduari ezetz esatea, mundu berri baten alde dagoen ahalik eta hiritar gehien biltzea, eta bertako zein mundu mailako sustatzaileen arteko elkargune izatea.

Mobilizazioak

Lehenik eta behin instituzioek ezarri dizkieten trabak salatu dituzte. Danielle Mesplek jada urtarrilerako egina zuten programak jasan behar izan dituen egokitzapenak gaitzetsi ditu.«Eta oraindik aldaketa gehiago izan daitezke ezartzen dizkiguten baldintzen ondorioz», ohartarazi du G7 EZ plataformaren izenean hitz egin duen ordezkariak.

Uztailaren 13an egingo dute lehen mobilizazio esanguratsua Biarritzen. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Gare du Miditik eta antolatzaileen hitzetan, «G7ko ordezkariengandik ezer onik ezin dugula espero» aldarrikatuko dute.

Bigarren mobilizazio garrantzitsua abuztuaren 19 eta 23 bitartean gauzatuko da Hendaia eta Irun artean, hain zuzen ere G7 gailurra egin aurretiko egunetan. Eremu desberdinetan antolatuko dituzten ekimen anitzekin «Alternatiben lurraldea» irudikatuko dute.

Parte hartzaileak aterpetzeko Bodaberryko eremua egokituko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «Oinarrizko beharrak bermatuak izango dira, baina horrez gain, lekura bertaratzeko garraio zerbitzuak izango dira eta arratsetan animazioak ere izango dira».

Abuztuaren 21, 22, eta 23an, Irunen eta Hendaian ekimen desberdinak izango dira, hala nola, hitzaldiak, ekitaldi kulturalak, merkatu sustatzaileak, eta abar. Irungo Ficoba erakustazoka izango da erdigunea, baina horrez gain, Oiasso museoa edo Palmera Montero kultur gunea bezalako lekuetan ere izango da zer ikusi eta zer entzuna.

Abuztuaren 24ean, G7 gailurra hasten den egunean, Manifestazioa izango da Hendaian. Goizeko 11:30etan Pausutik eta hondartzatik abiatutako bi zutabek bat egingo dute Santiagoko zubian.

Abuztuaren 25ean, ostera, «desobedinetzia zibil masiboa» egiteko deia luzatu dute. Horrela, Angelu, Baiona eta Biarritzeko zazpi eremutan, «kolore anitzeko» guneakeraikiko dituzte.