Peter Sagan eslovakiarrak irabazi du Tourreko bosgarren etapa, 175 kilometro Saint Die des Vosges eta Colmar artean. Bora taldeko izarrak Wout Van Aert (Jumbo) eta Matteo Trentin (Mitchelton) menderatu ditu esprintean, eta sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, Julian Alaphilippe izango da beste egun batez liderra.
Lotto Soudal taldeko Thomas de Gendt eta Tim Wellens izan dira lehen kilometroetan ihesaldia sortzen gehien saiatu diren txirrindulariak. Azkenean, 25. kilometro inguruan, Wellens izan da metro batzuk hartu dituena eta berekin joan dira aurrera Mads Würtz daniarra (Katusha), Simon Clarke australiarra (EF) eta Tom Skujins letoniarra (Trek).
Laukoteak azkar ireki du bi minutu inguruko zuloa, baina aldeak ez dira askoz gehiago handitu eta gehienezko abantaila hiru minutu ingurukoa izan da, 80 kilometroren faltan. Wellens izan da ahaleginari zuku handiena atera dion txirrindularia, mendiko sailkapenerako puntu batzuk bildu dituelako, baina tropelak abiadura ez du inoiz jaitsi.
Tropelean Sunweb eta Bora izan dira lan gehien egin duten taldeak. Michael Matthews eta Peter Saganentzat amaiera egokia zela jakitun, eta horregatik ihesaldia beti kontrolpean eduki nahi izan dute.
Egoera ikusita Skujins izan da aurreko laukotea hautsi eta erasoa jo duena Cote de Trois-Epis, azken-aurreko mendatea igotzen. Wellens saiatu da bere kurpila jarraitzen, baina letoniarra buruan iritisi da gora eta bakarka segi du lanean. Azkenean, ordea, tropelak 22 kilometroren faltan harrapatu du Trek taldekoa, jada eguneko azken mendatean gora, Cote des Cinq Chateaux.
Azken mendate horretan ez da erasorik egon eta tropela esprinterako prestatzen hasi da. Rui Costa portugaldarra izan da azken kilometroetan aurerra egiten saiatu den bakarra (UAD), eta Bora nahiz Jumbori lan egitera behartu die.
Eta azkenean garaipena Peter Saganentzat izan da, Borak egindako lanari saria emanez eta Sunweb taldeak egin duena inolako fruiturik gabe utziz, Matthews zazpigarren izan baita azken esprintean.
Alaphilipppe liderrak ez du arazorik izan gaur maillot horiari eusteko, baina biharkoa beste kontu bat izango da, seigarren etaparekin batera iritsiko baita sailkapen nagusirako faboritoen aukerak proban jarriko dituen aurreneko mendiko egun garrantzitsua.
Guztira 160 kilometro izango ditu eta helmuga La Planche des Belles Filles mendatean izango dute, lehen mailako igoera gogorrean. Aurrez, beste sei mendate igo beharko dituzte: lehen mailako hiru, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako bi.