Caleb Ewan (Lotto Soudal) izan da Tourreko 11. etaparen irabazlea, 167 kilometro Albi eta Toulouse artean. Australiarrak esprint itxi batean menderatu du Dylan Groenewegen (Jumbo) holandarra. Hirugarren postua Elia Viviani (Deceuninck) italiarrarentzat izan da eta Julian Alaphilippe bere taldekideak lider jarraituko du beste egun bat.
Eguneko ihesaldia etapa hasi eta berehala sortu da, zazpigarren kilometroan. Lilian Calmejane (Total), Stephane Rossetto (Cofidis), Anthony Perez (Cofidis) eta Aime De Gendt (Wanty) izan dira aurrera egin duten lau txirrrindulari ausartak.
Laukoteak ez du lortu alde handirik ateratzea. Tropelak argi izan du hasieratik esprintean amaitu nahi zuela etapa, eta hiru minutu eta erdiko aldea izan da ihesaldiak lortu duen tarterik handiena.
Jumbo eta Deceuninck tropelaren buruan ipini dira esprint hori ziurtatzeko, eta ihesaldiaren abantaila azkar jaisten joan da. Horrela, eguneko ezuste bakarra 30 kilometroren faltan Niki Terpstrak (Total) izan duen erorikoa izan da.
Holandarrak min hartu du eta lasterketa utzi behar izan du. Gainera, Nairo Quintana moztuta geratu da erorikoaren ondorioz. Hala ere, tropela oraindik ez zihoan horren azkar eta kolonbiarrak aurrekoekin bat egitea lortu du arazo gehiegirik gabe. Giulio Ciccone (Trek) ere atzean gelditu da, baina italiarrak ezin izan du galera ekidin.
Azken kilometroetan betiko borroka urduria hasi da, gizon azkarren taldeak esprinta prestatzeko aurrera egin dute eta faboritoen taldeek ere bai erorikoak sahiesteko. Ihesaldian urrutien iritsi den ziklista Aime De Gendt izan da: tropelak helmugatik lau kilometro eta erdira harrapatu du.
Azken txanpan Jumbo izan da lan gehien egin duena Groenewegen faboritoarentzat ailegaera prestatzen, baina Caleb Ewanek holandarraren gurpila garaiz hartu du eta, ozta-ozta izan arren, aurre hartu dio helmugan.