NAIZ

«Orain Presoak Tour» Lekeitiora heldu da: «Pedalkadaz pedalkada lortuko dugu»

Larunbat honetan Zarautz, Getaria, Zumaia eta Deba zeharkatu ostean Elgoibarren bazkaldu eta handik Markina-Xemein aldera jo dute. Arratsaldean iritsi da bizikleta martxa Lekeitiora, 18.30 aldera, eta ekitaldia izan da.

«Orain Presoak Tourraren» bigarren etapa. (@sare_herritarra)
«Orain Presoak Tourraren» bigarren etapa. (@sare_herritarra)

Goizeko 9.45etan, Munoan, hartu dute bizikleta hainbat lagunek «Orain Presoak Tour»-aren bigarren etapa hasteko prest. Ostiralean bezala, «Euskal Presoak Etxera!» oihukatuz abiatu da martxa.

Atzo ostiralean Luhuson hasi eta Zarautzen amaitu zen Sarek eta Bagoazek bigarren urtez antolatu duten bizikleta martxa honen lehen etapa. «Elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ikur diren bi herri» lotu nahi dituztela antolatzaileek nabarmendu zuten.

Jarraian, Jean-Noël Etxeberri ‘Txetx’ bake artisauak hartu zuen hitza. «Norabide onean doazen albisteak izan arren, kontrako norabidean doazen berriak ere badira», salatu zuen. Adibide gisara, 29 urte preso daraman Xistorri baldintzapeko askatasuna ukatu izana, edo Urrutikoetxearen atxiloketa aipatu zituen.

Ondoren, Irunen bazkaldu zuten, eta errepidera atera zirenean txirrindulari taldea bikoiztu egin zen.

Arratsaldeko 17.00ak aldera zeharkatu zuten Donostia, eta handik, Usurbilerako bidea hartu zuten. Orio gainetik maldan behera iritsi zen martxa Zarautza, eta udaletxe aurrean ekitaldia egin zuten. Indarrak hartzeko, Arrano kultur elkartean afaria izan zuten.

Goizean zehar, bizikleta itzulia Zarautz-Getaria bidea zeharkatzen izan da, non ikusleen babesa jaso duten. Getariatik Zumaia eta Deba zeharkatu dituzte, eta Elgoibarren bazkaltzeko altsedenaldia egin dute. Indarrak hartu eta gero Markina-Xemein aldera jo dute eta arratsaldean, 18.30 aldera, Lekeitiora iritsi dira.

Gizartearen lana

Bertan izan den ekitaldian Inaxio Oiartzabalek hitz egin du. Sareko kideak iaz bizikleta martxak Mont-de-Marsan eta Zaballako espetxeak lotu zituela gogoratu du, eta Espainiako Gobernuak bereziki oraindik ere salbuespenezko neurriak mantentzen dituela salatu du. Gizarte zibilaren lana nabarmendu du, eta presoak etxeratzeko elkarlana beharrezkoa dela adierazi du. «Pedalkadaz pedalkada lortuko dugu».

Igandean, hiru eguneko ibilbideari amaiera emanez, Gernikara iritsiko dira.