Asier AIESTARAN

Pinot garaile eta Alaphilippe bigarren Tourmaleten, frantziarren festa ez da eten Tourrean

Liderrak beste 30 segundo sartu dizkio Geraint Thomasi, sailkapen nagusirako hautagai nagusia dela erakutsiz, eta Movistarrek etapa guztia lanean igaro duen arren, Nairo Quintanak pott egin du. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Thibaut Pinot garaipena ospatzen (Anne-Christine POUJOULAT / AFP)
Thibaut Pinot garaipena ospatzen (Anne-Christine POUJOULAT / AFP)

Thibaut Pinot (Groupama) izan da irabazlea Tourreko 14. etapan, 117 kilometro Tarbes eta Tourmalet artean. Frantziarra izan da gizonik indartsuena garaipena jokatu duen taldetxoan, eta aurre hartu dio bigarren izan den Julian Alaphilippe harrigarriari.

Hain zuzen ere, Deceunicnk taldeko liderra izan da egunak utzi duen beste garaile handia. Onenen pare ibili da Tourmalet bezalako mendate gogor batean, etapan bigarren izatea lortu du, eta gainera Geraint Thomasi 30 bat segundo gehiago sartzea lortu du.

Euskaldunei dagokionez, Romain Sicard eguneko ihesaldian sartu da eta Mikel Landak urrats garrantzitsua eman du sailkapen nagusiko lehen hamar postuetara hurbiltzeko.

Ihesaldiak baimenik ez

Eguneko ihesaldia azkar sortu da, eta bertan izan da Romain Sicard lapurtarra, baina espero bezala izen oso ezagunak ere sartu dira berekin batera: Guillaume Martin (Wanty), Sergio Henao (UAD), Rein Taaramae eta Lilian Calmejane (Total), Vincenzo Nibali eta Matej Mohoric (Bahrain), Alexis Vuillermoz (Ag2r), Peter Sagan (Bora), Ilnur Zakarin eta Marco Haller (Katusha), Luis Leon Sanchez (Astana), Lennard Kamna (Sunweb), Tim Wellens (Lotto Soudal), Elie Gesbert (Arkea), Carlos Verona (Movistar) eta Matthieu Ladagnous (Groupama).

Soulor igotzen Ilnur Zakarin errusiarra izan da erritmoa bizitu nahi izan duen lehena, eta ondoren aurrera egiteko adore gehien erakutsi duena Nibali bera izan da. Baina tropelak gaurkoan ez dio baimenik eman ihesaldiari, eta tarteak beti oso txikiak izan dira.

Pinoten Groupama izan da Soulorreko lehen kilometroetan erritmo bizia ipini duena, eta gero Movistar izan da faboritoen taldea oso txirrindulari gutxirekin uzteko abiadura ipini duena. Romain Bardet (Ag2r) edota Adam Yates (Mitchelton) izan dira atzean geratu diren igotzaileetako batzuk.

Soulor gainetik Tim Wellens mendiko liderra izan da lehen postuan igaro dena, Nibali eta Gesbertekin batera, baina faboritoen taldetxoa, apenas 40 bat txirrindulariz osatua, minutu eta erdira zegoen jada, ihesaldiaren aukerak erabat deuseztuz.

Aurreko hirukotea gogotik saiatu da abantailari eusten, baina atzetik zetozen txirrindulariek harrapatu egin dituzte eguneko bi mendateen arteko kilometroetan. Eta une horretan Romain Sicard izan da erasoa jo eta bakarrik abiatu dena.

Sicard lasterketa buruan pasa da Luz Saint-Sauveurretik eta tropelarekiko minutu eta erdi inguruko aldearekin hasi da Tourmalet igotzen. Atzetik Elie Gesbert etorri da, hau ere ihesaldikoa, eta harrapatu bakarrik ez, pasa ere egin du. Baina Movistarrek jo eta ke lanean segitzen zuen atzean eta gauza jakina zen garaipena faborito handien artean jokatuko zutela.

Adam Yates berriz ere berehala geratu da atzean, eta Dan Martin ere hamahiru kilometroren faltan ezinean gelditu da. Eta azkenean tropelak hamar kilometro eta erdiren faltan harrapatu du Gesbert, ihesaldiari amaiera ipiniz.

Quintana, ezinean

Baina Gesbert harrapatzearekin batera etorri da eguneko ezustekio handietako bat. Movistar egun osoan lanean jardun ostean, Nairo Quintana atzean gelditu da tropelaren erritmoa jarraitu ezinik. Kolonbiarra bederatzigarren zegoen sailkapen nagusian. Marc Soler bere zain geratu da, Movistarrek tiratzeari utzi dio, eta Ineos jarri da tropel buruan.

Jarraian Warren Barguil izan da erasoa jo duena, eta zazpi kilometroren faltan Thibaut Pinoten txanda iritsi da. David Gaudu taldekideak ipinitako erritmoari jarraituz taldetxoa are gehiago murriztu dute. Patrick Konrad izan da erortzen hurrengoa, eta baita Richie Porte eta Enric Mas ere, sailkapen nagusiko laugarrena.

Lau kilometroren faltan Gauduk aurrera egitea erabaki du, etapa irabazteko asmoarekin eta beste taldeei lan egitera behartuz. Txanda hartu duena Kruijswijk holandarraren Jumbo izan da, Bennett eta De Plus laguntzeko alboan zituelako.

Azken kilometrora inguratuta Buchmann izan da taldetxoa apurtu nahi izan duena, eta Geraint Thomas bera ere atzean gelditu da. Ez, ordea, Julian Alaphilippe liderra, gaur ere ikusgarria jardun dena.

Etapa irabazteko borroka hasia zen, eta azken metro horietan Thibaut Pinot izan da azkarrena, Alaphilippe eta Kruijswijk-i aurrea hartuta.