Matteo Trentin izan da Tourreko 17. etapako irabazlea, 200 kilometro Pont du Gard eta Gap artean. Alpeak iritsi aurretik azken aukera zen etapa ehiztarientzat, eta italiarrak bikain baliatu du, Mitchelton taldeari beste garaipen bat emanez.
Ihesaldia azkar sortu da gaur ere, horretarako ibilbide oso egokia baitzen. Guztira 33 txirrindulari sartu dira, Astana taldeko Gorka Izagirre eta Omar Fraile euskaldunak tartean.
Beste 31 txirrindulariak hauexek izan dira: Oss eta Postlberger (Bora), Asgreen (Deceuninck), Gougeard (Ag2r), Teuns (Bahrain), Oliveira (Movistar), Cort Nielsen (Astana), Clarke eta Scully (EF), Juul-Jensen eta Trentin (Mitchelton), Van Avermaet eta Schar (CCC), Bystrom, Rui Costa, Henao eta Laengen (UAE), Mollema, Skujins eta Stuyven (Trek), Roche (Sunweb), Berhane, Herrada, Anthony Perez eta Perichon (Cofidis), De Gendt eta Keukeleire (Lotto-Soudal), Politt (Katusha), Meurisse eta Pasqualon (Wanty), Boasson Hagen eta King (Dimension Data).
Etaparen zati handienean ederki elkar ulertu dute ihes egindako ziklistek, eta tropelak ere eguna lasai hartu duenez, zuloa azkar ireki dute. Abantaila hori etengabe handitzen joan da eta etapa garaipenaren borroka amaierarako 35 bat kilometro falta zirenean hasi da aurrekoen artean.
Bauke Mollema herbeheretarra izan da taldea apurtzen saiatu den lehena, eta Alexis Gougeard frantziarrak eman dio jarraipena errepideak gora egin ahala, ihesaldia erabat apurtuz. Gorka Izagirre adi ibili da lehen mugimendu horietan, eta aurrera egin duen hamar gizoneko taldetxoan sartu da ormaiztegiarra.
Erasoek ez dute etenik izan, eta taldea are gehiago murriztu da eguneko mendate puntuagarri bakarrera heltzerako, hirugarren mailako Col de la Sentinelle, bost kilometro %5eko bataz besteko penditzarekin, helmugatik bederatzi kilometrora.
Matteo Trentin izan da azpi-azpitik jo duena eta atzean elkar ulermenik ez denez egon tarte polita ireki du mendatean gora. Perichon izan da italiarra harrapatzen gehien saiatu dena, baita Asgreen ere atzetik irtenda, baina alferrik izan da.
Mendatean behera oso azkar sartu da Trentin Gapeko helmugan, eta azkenean 35 segundo sartu dizkio Asgreeni eta 40 inguru etapan seigarren izan den Izagirreri.
Tropela 20 minutura iritsi da, baina Alaphilippe lider heldu da Alpeetako lehen etapa gogorrera: 208 kilometro Embrun eta Valloire artean, Izoard eta Galibier beldurgarriak igoz.